AEB

Chapo Guzmani bizi guztiko espetxe zigorra ezarri dio New Yorkeko auzitegi batek

Iragan otsailean, epaimahai batek ebatzi zuen errudun zela narkotrafikoagatik, eta epaileak gaur jakinarazi du zigorra. Mexikok duela bi urte estraditatu zuen AEBetara.

Chapo Guzman narkotrafikatzaileak, 2016ko urtarrilaren 8an, Mexikoko Sinaloa estatuan atxilotua izan ostean. JOSE MENDEZ, EFE
Berria
2019ko uztailaren 17a
07:25
Entzun

Mexikoko droga trafikatzailerik ezagunena da Joaquin Guzman El Chapo. Narkotrafikoarekin lotutako hamar kargu egotzita epaitu zuten AEBetan, eta epaimahai batek ebatzi zuen errudun zela guztietan. Gaur ezarritako zigorraren arabera, gutxienez 30 urte bete beharko ditu espetxean; hau da, 92 urte bete arte —62 ditu gaur egun—.

Mexikoko Badiraguato hirian jaio zen Guzman, Sinaloa estatuan. Hain zuzen, estatu horretako droga kartelaren buruzagi izan zen mende honen hasieratik azkenekoz atxilotu zuten arte, 2016an.

1993an atxilotu zuten lehen aldiz, Venezuelan, eta Mexikora estraditatu zuten. Zortzi urtez egon zen Jaliscoko segurtasun handiko espetxe batean, baina ihes egitea lortu zuen. Harrezkero, munduan gehien bilatuetan bigarrena izan da, Osama Bin Laden Al-Qaedako buruaren atzetik. 2014an, berriz ere atxilotu zuten, baina ihes egin zuen. Urtebete geroago, Mexikoko segurtasun handiko kartzela batera eraman zuten. Hala ere, El Chapok espetxetik alde egin zuen. 2016. urtean aurkitu zuten, eta hiru urte hauek Manhattango espetxe batean pasatu ditu, AEBetan.

Joan den otsailean, AEBetako Justiziak hamar kargu egotzi zizkion narkotrafikatzaile mexikarrari. Zinpeko epaimahaiak Sinaloa karteleko buru jo zuen, eta gaizkile talde bat gidatzea leporatu zion, besteak beste. Kasu horren ardura zuen epailea epaimahaiarekin bildu zen joan den ekainaren 25ean, eta gaur erabaki du El Chapok bete beharko duen zigorra.

Guzmanen epaiketa narkotrafikoarekin lotutako epaiketarik mediatikoena izan da AEBetan. 56 lekukok deklaratu zuten: lehenengo, Guzmanen taldeko kide izandakoek, eta gero, AEBetako Gobernuaren hamalau kolaboratzailek. AEBetako zenbait iturriren arabera, El Chapo Coloradoko segurtasun handiko kartzela batera eramango dute preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.