MUNDUA

Chavez ez da izango bihar presidente izendatzeko ekitaldian

Venezuelako Biltzar Nazionalak babesa azaldu eta "erabat osatzeko eskubide legitimoa" aitortu dio.

2013ko urtarrilaren 9a
14:43
Entzun

Bihar izendatu behar zuten Hugo Chavez Venezuelako presidente, baina minbizia sendatzeko ebakuntza egin ziotenetik oraindik osatzen ari da Chavez Habanan (Kuba), eta ez du bihar karguaren zina egingo. Hala jakinarazi du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak, Biltzar Nazionaleko presidente Diosdado Cabellok irakurritako gutun baten bidez.

Biltzar Nazionalak Chavezi babesa azaltzeko adierazpen bat egin du bart gauean. Chavezek "erabat osatzeko eskubide legitimoa" duela nabarmendu du Cabellok. "Aberriaren interes gorenak babeste aldera, Biltzar Nazionalak babestu egiten du presidente-komandantearen eskubide legitimoa erabat osatzera", diote agirian.

"Beharrezkoa den denbora guztia" eman dio ganberak Chavezi gaitza sendatu eta Venezuelara itzultzeko, Cabellok esan duenez. Venezuelako Konstituzioko 231. artikuluari heldu dio Cabellok; artikulu horren arabera, presidenteak ezin badu karguaren zina Biltzar Nazionalean egin, Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean egin dezake.

Iazko urriaren 7an irabazi zituen hauteskundeak Chavezek, Henrique Capriles aurkari zuela. Caprilesek uste du Biltzar Nazionalean nahiz Auzitegi Gorenean, izendapen ekitaldia bihar egin behar dela. Venezuelako Konstituzioko 233. artikuluari erreparatzen dio oposizioko buruak; presidenteak karguaren zina egiterik ez badu, 30 egun baino lehen bozetara deitu behar dela argudiatu du Caprilesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.