Hugo Chavez Venezuelako presidenteak ez du lortu Konstituzioan hainbat aldaketa egiteko erreferenduma irabaztea. CNE Venezuelako Hauteskunde Zentro Nazionalak plazaratutako emaitzen arabera,botoa eman zutenen %50,7k Gobernuak proposatutako lehen erreforma sortaren kontra bozkatu zuen, eta %49,29k alde. Bigarren aldaketa sortari dagokionez, %51,05 izan ziren kontrako botoak eta %48,94 aldekoak. Beraz, Chavezen kontrako oposizioak bultzatutako jarrera izan da irabazle atzoko erreferendumean.
Hain zuzen ere, oposizioak garaipentzat hartu du galdeketako emaitza, eta CNEk jakinarazi bezain laster festa lehertu da Ezetzaren blokea hauteskunde jarraipena egiten ari zen egoitzan.
Chavez presidenteak onartu du bere kontrako jarrera bultzatu dutenek irabazi dutela, baina, hala ere, ez du porrot gisa hartu. Aitzitik, aldea "oso txikia" dela ohartarazi die aurkari politikoei, eta erreformak egiteko asmoarekin aurrera jarraitzen duela. Etorkizunean aldaketa horiek aurrera ateratzeko itxaropena agertu du.
Chavezek proposatutako aldaketen artean, presidentetzarako aurkezteko aukerari muga kentzea eta estatuaren izaera sozialista bultzatzen duten zenbait neurri daude.
Venezuela
Chavezek ez du lortu Konstituzioaren erreforma aurrera ateratzea
Atzoko erreferemendumean emandako botoen %50,7 eta %51,05 artean presidenteak proposatutako aldaketen kontrakoa izan da. Oposizioak garaipentzat hartu du emaitza. Chavezek, berriz, aldea "oso txikia" dela eta ez duela porrot egin nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu