venezuela

Chavezek irabazi ditu hauteskundeak, baina bi herenak lortu gabe

110 diputatu behar dira bi herenak lortzeko, eta PSUVk 95 eskuratu ditu. Legebiltzarrerako bozak egin zituzten atzo, eta %66koa izan da parte-hartzea. Oposizioko hamasei alderdi elkartuta aurkeztu dira eta 59 parlamentari erdietsi dituzte; gustura agertu da oposizioa, presidentearen hainbat egitasmo geratuko dituelakoan.

2010eko irailaren 27a
15:09
Entzun
Berriz ere Hugo Chavez presidentearen PSUV alderdia izan da Venezuelako Legebiltzarrerako hauteskundeetako garailea. Hauteskunde Batzorde Zentralaren datuen arabera, botoen %98 zenbatuta dutela 95 diputatu lortu ditu Chavezen alderdiak. Dena dela, ez du gehiengo kualifikatua erdietsi; 110 diputatu behar dira horretarako.

Hain zuzen ere, oposizioko hamasei alderdi, ezker zein eskuinekoak, elkarturik aurkeztu dira hauteskundeetara, Chavezi aurre egiteko asmoz, eta 59 parlamentari erdietsi dituzte. Gustura agertu dira, presidentearen hainbat egitasmo geratuko dituztela iritzita. PPTk bi diputatu izango ditu.

165 diputatu hautatuko dituzte denera. Batzordeak esan duenez, parte-jartzea %66,45ekoa izan da.

2005ean izan ziren Legebiltzarrerako aurreko bozak, eta oposizioak ez zuen parte hartu, boikota egin zielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.