Chavezek «iraultzan sakontzeko» kontrola galdu du Legebiltzarrean

PSUV alderdi sozialistak hauteskundeak irabazi arren, ez du lortu lege garrantzitsuak onartzeko behar beste ordezkari. Behin-behineko datuen arabera, Chavezek 95 eserleku bildu ditu, eta oposizioak, 61

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hugo Chavezi aldapa gora jarri zaio legealdia. Venezuelan 2012an egingo diren presidentetzarako hauteskundeak iritsi bitartean, herritarrak erakarri eta konbentzitu beharko ditu, oposizioak proiektu sozialistarekin amaitzea nahi ez badu. Presidentearen kontra askotariko oposizioa elkartzearekin batera, horretarako urratsa egin du: Chavezen PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak «iraultzan sakontzeko» nahitaez behar zuen eserleku kopurua ez baitu lortu igandeko bozetan.

Chavezen gobernuak lege organikoak arazorik gabe onartzeko hiru ordezkaritik bi behar zituen: 165 eserlekuetatik 110. Nazionalizazioak bideratzeko eta estatuari dagozkion legeak aldatzeko adina ordezkari ez du bildu, beraz, eta behin betiko emaitzak jakin gabe ere,ziurra da proiektu sozialistak beharrezko dituen aldaketak egiteko hegemoniarik gabe geratu dela. Ikusteko dago oraindik 99 eserlekutara heltzen den, legeak dekretuz onartu ahal izateko kopurura. Orotara 95 diputatu eskuratu ditu, eta oposizioak, berriz, 61. Zazpi diputatu daude jokoan behin betiko emaitzak jakin artean. PPT Aberria Denentzat ezkerreko alderdiak bi eserleku lortu ditu.

Oposizioak botere erreala izango du aurrerantzean, eta Chavezek, berriz, bere proiektua aurrera eramateko zailtasunak, eta zenbaitetan ezintasuna. Venezuelako presidenteak uste baino emaitza kaskarragoak izan ditu, eta hori dela-eta «gehiegi» atzeratzen ari da emaitzak emateko ordua. Guillermo Aveledo MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiko idazkari nagusiak salatu duenez, «ulertezina» da hauteslekuak itxi eta sei ordura ematen hastea behin-behinekodatuak, sistema aurrerakoientzat jo dutena baldin badu Venezuelak. Oposizioak eskolak itxi eta gutxira, bozak botoen %52rekin irabazi dituela ere adierazi du, datuek ematen duten ziurtasuna balu bezala. Legebiltzarrerako hauteskundeen artean parte-hartze historikoa izateak itxaropenerako aukera ematen dio, behintzat, MUDi, berealdekoa baita parte-hartzea: %64,5ekoa izan da. Botoen kopurua dena izanda ere, oposizioak lortu duen indarra ukaezina da.

Hauteskunde sistemak ez du ordezkaritza botoen kopuruen arabera banatzen, barrutien arabera baizik, eta hori, berriz, Chavezen aldekoa da, nekazal eremuetan baita garaile; oposizioa hirietan.

Chavezek, berriz, emaitzak jakin aurretik ospatzeko iragarritako agerraldia ez du egin; presidenteak berak ezarritako 110 eserlekuetako helburua ez da bete, eta ezin garaipenaren aldeko aldarririk egin. Twitter bidez zabaldu du mezua behin-behineko emaitzak eman eta gutxira, «iraultza sendotzen» jarraitu behar dela esanez, eta «herritar denak zorionduz», «herriaren garaipena» izan delako. Hala ere, emaitzak jakin aurretik, «emaitzak onartu beste erremediorik ez» dagoela ere zehaztu du, badaezpada edo.

Bost urte atzera

Venezuelako Asanblea Nazionalaren aldaketak ez ziren posible izango 2005ean oposizioak ez aurkezteko «hutsegitea» egin izan ez balu, orain onartu duten bezala. Orduko hartan, Chavezen kontra dauden ezker kritikoak eta eskuineko alderdiek bat egiteko ezberdintasun konponezinak zituzten, baina orain, Legebiltzarreko hegemoniarekin hautsi nahian aurkeztu da, eta ongi atera zaio. Haren proiektuei ezetz esaten bat etorriko dira oposizioko alderdi guztiak, baina beste kontu bat izango da bat etortzea bultzatu nahi dituzten proiektuetan. Oraingoz, gutxiengoetara heldu dira, eta lanean hasiak dira presidentetzarako hauteskundeetara begira. Chavezen mailako buruzagi karismatikoa aurkitzeko lanak dituzte gaurkoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.