venezuela

Chavezek laugarrenez irabazi ditu hauteskundeak

Osasuna eskatu du "aberri sozialista" eraikitzen jarraitu ahal izateko. Caprilesek onartu ditu emaitzak, herriaren hitza berarentzat "sakratua" dela esanez. Parte hartzea inoiz baino handiagoa izan da.

2012ko urriaren 8a
11:02
Entzun

Hugo Chavez izango da Venezuelako presidente 2019. urtera arte. Atzo laugarrenez irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak, gaur goizaldean Tibisay Lucena Hauteskunde Batzordeko presidenteak jakinarazi duenez. Botoen %90 zenbatuta, botoen %54,42 zuen (7.444.082). Henrique Capriles oposizioaren hautagaiak %44,97 zituen jasota (6.151.544).

Chavezek osasuna eskatu du garaipenaren berri izan ondorengo hitzaldian, "aberri sozialista" eraikitzen jarraitu ahal izateko. 58 urte ditu, eta gaixotasun larri bat jasan du. Aurreko bozak 1998an, 2000an eta 2007an irabazi zituen.

"Garaipena izan ez duten arerioak ere senti daitezela garaile, horrelako prozesu batean parte hartzea garaipen bat delako Venezuelako herriarentzat. Herrialdeak irabazi du", esan du Lucenak. Parte-hartzea inoiz baino handiagoa izan da, %80,94koa.

Henrique Capriles MUD Batasun Demokratikoko Mahaiaren hautagaiak datuak ezagutu eta berehala aitortu du Chavezen garaipena. Emaitzak jakin aurretik esan du historikoa zela gaurko bozketa, parte-hartzearengatik. “Errepublikako presidentea zoriondu nahi dut, eta esan nahi diot gure herriaren adierazpena entzuteko. Hemen herrialde bat dago, bi ikuspegi dituena, eta presidente ona izatea guztien alde lan egitea da”, esan du. Bere gain hartu du porrota Caprilesek, eta inor ez dela garaitua sentitu behar gaineratu du. Eskerrak eman dizkie bere jarraitzaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.