Iragan hilaren hasieran hauteskundeak irabazi ondotik, gaur hartuko du Ollanta Humalak Peruko presidente kargua. Gana Peru aliantzako hautagaiaren buruak bigarren itzulian Keiko Fujimoriri irabazi zion, botoen erdiak baino gehiago eskuratuta. Kanpainaz geroztik, Fujimorik Hugo Chavezekin lotu du Humala, Peruko sektore eskuindarretan beldurra sortzeko asmoz. Humalak irabaziz gero, Perun ardatz bolivartarraren eredua ezarriko litzakeela nekatzeraino errepikatu du Fuerza 2011ko hautagai izan denak. Hauteskundeen ondoren ere, diskurtso horrekin segitu dute fujimorismoaren inguruko hedabideek, baina Humalak emandako pausoek hurbilago kokatu dute Luiz Inazio da Silva Lula-k Brasilen aplikatutako eredutik, Venezuelakotik baino.
Horren adibide, Gana Peruko buruak eratutako gobernua. Azken astean jakinarazi ditu izendatutako ministroak. Horietako hainbat eskuindarrak dira, aitzineko gobernuetan parte hartutakoak, edo ezkerreko militantziarekin zerikusirik ez dutenak. Ministerio garrantzitsuetan dago horrelako ezaugarriko jendea. Lehen ministroa, adibidez, Salomon Lerner Ghitis izanen da. Enpresaria da, eta ideologia ezberdineko hiru gobernutan parte hartua da: 1960ko hamarkada bukaeran Juan Velasco jeneralaren ezker kutsuko gobernu militarrean, Alan Garciaren lehen agintaldian (1985-1990) eta, azkenik, Alejandro Toledorekin (2001-2006). Duela bortz urte Humalari batu zitzaion, eta haren kanpainako arduradun nagusia izan da.
Ekonomia Ministerioan eta Banku Zentralean egindako izendapenek sortu dute harridura gehien, jarraipenaren aldeko apustua egin baitu Humalak. Lehenbizikoan, Luis Miguel Castilla izendatu du ministro. Garciaren azken agintaldian (2006-2011) Ogasuneko ministrordea izan da. Munduko Bankuko kide ohia da, eta iraganean Humalak berak gogor kritikatu izan du. Perun merkataritza askearen hedapenarenaren erantzule nagusitzat jotzen du ezkerrak. Banku Zentralean, berriz, presidente berberak jarraituko du. Julio Velarde da bera, eskuineko PPC Herri Alderdi Kristauko militantea. Izendapen horiekin enpresariak, inbertsore handiak eta eskuineko sektoreak lasaitu nahi izan ditu Humalak. Peruko burtsak bederen, ongi hartu ditu erabaki horiek, azken egunetan goiti egin baitu. Ekainaren 5ean, hauteskundeen emaitzak jakin zirenean, %12ko galerak izan zituen.
Mesfidantza ezkerretik
Moderazioa irudikatu, eta egungo estatu ereduarekiko haustura ez agerrarazteko asmo horrek, ordea, ezkerraldetik kritikak ekarri dizkio Humalari. CGTP Peruko Langileen Konfederazio Orokorra sindikatuak Castillaren izendapena gogor salatu du. «Ez zaigu egokia iruditu, lana prekarioago egin duen eredu neoliberala argudioekin arbuiatu dugulako», azaldu du Olmedo Auris sindikatuko presidenteordeak. Castillaren jarduna hurbiletik zainduko dutela ohartarazi du Aurisek, eta gogora ekarri du Humalak kanpainan erran zuela langileei emandako tratua hobetuko zuela.
Humalak gaur kargua hartzeko hitzaldia egin ondotik, CGTPk prentsaurrekoa deitu du, haren mezua baloratzeko. Gobernuaren jardunaren balorazioa egiteko, berriz, ehun eguneko epea emanen dio sindikatuak. Kanpainan egindako promesak betetzeari eman dio garrantzia CGTPk, eta horien artean nabarmendu du gutxieneko soldataren igoera. Humalak 190 eurora igoko duela zin egin du.
Kanpainan zin emandakoa betetzeko itxaropena duen bertze sektore bat indigenena da. Azken hamarkadan Latinoamerikan hazkunde ekonomikorik handiena izan duen herria bada ere, hori kostaldeko departamenduetan finkatu da gehienbat. Humalak emaitza onenak gune pobreagoetan lortu zituen, batez ere indigenak nagusi direnetan. Amazonasko oihan guneetan eta Andeetan bizi dira horiek, baliabide natural aberatseko lurraldeetan. Estatuak lur horiek atzerriko enpresen esku utzi izan ditu, indigenen hitza kontuan hartu gabe. Garciak, bere azken agintaldian, bertako herriak babesteko lege proiektu bat alde batera utzi, eta petrolio eta egur enpresekin hitzarmenak sinatu zituen. Horren ondorioz istilu larriak izan ziren; horietako batean, Bagua herrian, 34 lagun hil ziren polizien eta indigenen arteko liskarretan, 2009an.
Garciak baztertutako legea indarrean jarriko duela zin egin du Humalak. Horren arabera, indigenen lurrei eraginen dieten erabakiak hartu aitzinetik, estatuak bertako herriei galdetzeko betebeharra izanen du. Indigenen lurrarekiko burujabetza eskubidea onartzeko lehen pausoa litzateke. Hala ere, CGTP sindikatua bezala, buruzagi indigena batzuk mesfidati agertu dira Garciarekin aritutako politikariak gobernuan sartu dituelako Humalak.
Diskurtso aldaketa
Indigenen aldeko aldarrikapenei estu lotutako ideologia baten jarraitzailea izan da Humala. Etnocacerismo izena du joera horrek, eta Humalaren aita Isaacek sortutakoa da. Indigenak oinarri dituen ideologia nazionalista da, eta estatu autoritario eta militarizatua aldarrikatzen du, bertzeak bertze, nazionalizazio politikak gauzatzeko. Nazioarteari begira, inperialismoaren aurkako mezu gogorra du. Azken urteetan, ordea, Humala etnocacerismotik urrundu da, gizarte esparru zabalagora iristeko helburuz.
Peruko sektore politiko gehienak, berriz, Keiko Fujimoriri zioten beldurraren eraginez, bigarren itzulian Humalaren alde paratu ziren. Sinbolikoki, adierazgarria izan zen Mario Vargas Llosa idazlearen sostengua, ideia kontserbadoreen aldekoa baita. Bozak irabazi ondoren, gobernu zabala eratzeko iragarritako asmoa bete du Humalak. Toledo presidente ohiaren Peru Posible alderdia bertan dago, eta ezkerrekoak ez diren ministroak izendatu di-tu.
Humalak Venezuelako eredua, sozialismoranzko bide indartsuaren aldekoa, alde batera uzteko apustua egin du, bide pragmatikoagoak, Brasilgoak, kontsentsu zabalagoa sortu, eta agintea egonkortuko diolakoan. Ikusteko dago, beraz, eredu horretatik haren kanpainan agindutakoa, gizarte eta ekonomia bazterkeria gainditzeko neurriak, nola aplikatuko dituen.
Chavezen eta Lularen itzala
Ollanta Humalak gaur hartuko du Peruko presidentetza; ideologia anitzeko jendea egonen da haren gobernuanSindikatuek eta indigenek kanpainako promesak betetzeko exijitu diote Humalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu