venezuela

Chavezen hitzaldiaren zain

Gaur bukatuko da Venezuelako presidentziarako hauteskunde kanpaina. Caracasen mitin handi bat emango du egungo presidenteak.

martxelo otamendi
2012ko urriaren 4a
17:39
Entzun

”Komandanteak hitz egin bitartean, musika, dantza eta festa”, diote Caracasen Hugo Chavez Venezuelako presidentegaiaren hitzaldiaren zain daudenek. Ordubiak aldera zen hitz egitekoa Chavez, baina hitzaldiaren hasiera atzeratu egingo da bostak-seirak aldera arte —gauerdia Euskal Herrian—.

Simon Bolivar etorbideko eskenatoki handi batean mintzatuko da egungo presidentea. Kanpainako azken mitina izango du. Duela hamalau urte, politikara bide estandarretik jauzi egin zuen lehen aldian —urte batzuk lehenago huts egin zuen, estatu kolpe baten bidez egin nahi izan baitzuen jauzi politikara—, etorbide horretan egindako ekitaldiak ikono bihurtu ziren herritarren artean zeukan harrera erakusteko orduan. Harrezkero da presidente.

Dena dela, zelai horretan jokatzen duen bakarra ez dela erakusteko, leku berean egin zuen igandean haren aurkari Henrique Caprilesek mitina. Jendetza batu zuen.

Presidentziarako hauteskundeak igandean izango diren arren, gaur da kanpainako azkeneko eguna. Bihar eta etzi gogoeta egunak izango dira; ez herritarrek botoa nori eman erabakitzeko beste herrialdeetan baino egun bat gehiago behar dutelako, baizik eta animoak epeltzeko, egon litezkeen beroaldi politikoak baretzeko. Bide horretan, lege lehorra ezarriko dute gaurko iluntzetik aurrera: ezingo da alkoholik saldu.

Caprilesen bi jarraitzaileren hilketagatik atxilotutako bi lagun, aske

Venezuelako auzitegi batek baldintzapean aske utzi ditu Caprilesen bi jarraitzaile hiltzea leporatuta atxilotutako hiru gizonetatik bi. Barinitas herrian izan ziren hilketak, larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.