Jacques Chirac Frantziako presidente ohiaren kontrako epaiketa hasi eta hurrengo egunean auzia hilabete batzuetarako atzeratzea erabaki du Parisko Auzitegi Korrekzionalak. Remy Chardon akusatuaren abokatuak aurkeztutako «konstituzionaltasunaren premiazkotasun auzia» onartu duelako erabaki du ustelkeria kasuengatik abiatutako auzibidea etetea.
Chirac Parisko alkate izan zen garaian (1977-1995) haren kabineteko buru izan zen Chardon. Leporatzen dizkieten ustelkeria kasuak garai hartakoak dira, eta, Yves Le Borgne Chardonen abokatuaren arabera, delituok balio gabe geratu dira «legeak ezartzen duen hiru urteko epea igarota dagoelako».
Dena dela, ez da auziaren konstituzionaltasuna izan epaiketaeteteko arrazoi bakarra. Izan ere, Nanterren ikertutako beste sumario bat ere auziarekin lotuta dago, epaiketa berean aztertzeko asmorik ez bazegoen ere. Horri dagokionez, Fiskaltzak, Chriracen abokatuek eta akusazioarenek bat egin dute, bi sumarioak batera epaitzeko eskatuz.
Existitzen ez diren langileak
Oso antzekoak dira bi akusazioak. Lehenengoaren arabera, Parisko Udalak existitzen ez diren 21 langile kontratatu eta ordaindu zituen 1992 eta 1995 bitartean. Ustez, horietako inork ere ez zuen udalarentzat lanik egin. Bigarrenaren arabera, Parisko Udalak beste zazpi pertsona hartu zituen lanerako, baina, akusazioaren arabera, Chiracen RPR alderdiarentzat egin zuten lan.
Inork ere ez daki zehazki noiz abiaraziko den berriz ere epaiketa. Kasazio Auzitegiak hiru hilabete ditu Chardonen eskaria Konstituzio Kontseilura bidali ala ez erabakitzeko. Bidaliko balu, azken horrek beste hiru hil izango lituzke erabakitzeko. Baina, kasu horretan, zeharo korapilatuko litzateke auzibidea. Batetik, Chirac, presidente ohi gisa, Konstituzio Kontseiluko kide delako. Eta, bestetik, Jean-Louis Debre bertako presidentea inputatuetako baten anaia delako.
Chiracen aurkako epaiketa atzeratzea erabaki dute, hasi eta hurrengo egunean
Auzia Konstituzio Kontseilura iritsiz gero, prozesua korapilatu egin daiteke, presidente ohia horko kide baita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu