Churchillen paradoxa

Erresuma Batuak EB uzteko erreferenduma aipatu arren, aukera hori ahal den gehien gibelatu nahi du David CameronekLehen ministroak erran duenez, «Europa gutxiago» egon beharko litzateke

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministroak «Europako Estatu Batuen antzeko zerbait» sortzeko beharra aldarrikatu zuen 1946an Zurichen (Suitza) egindako hitzaldian. Gerra bukatu berria zen Europan, eta bertze bat saihesteko batasun bat sortzeko beharra ikusi zuen. Joan den asteburuan Bruselan EB Europako Batasuneko buruzagiek adostutako neurriek Churchillen proposamenean sakontzeko aukera ireki dutela aldarrikatu dute hainbat herrialdetako europazaleek, baina, hain zuzen, Erresuma Batuko egungo lehen ministroa egitura horren parte ez izateko bidea irekitzeko prest agertu da, 2015erako EBn jarraitu ala ez erabakitzeko erreferenduma egiteko aukera serioski aipatu baitu.

David Cameronek igandean artikulu bat argitaratu zuen Sunday Daily Telegraph astekarian, EBrekin harremanak aldatzeko beharra aldarrikatuz. Adierazpenen inguruan azalpenak eman zituen parlamentuan atzo. «EB uztea ez da egokiena, baina beharrezkoa da erreforma bat. Europa gutxiago egon beharko litzateke». EB uztea proposatuz, Alderdi Laboristako diputatuek urtebetean iritzia aldatzea egotzi diote Cameroni, eta bazkide duen Alderdi Liberalak gobernu akordioan halako erreferendum batera deitzeko aukerarik inon ez dagoela erran dio —EBren aldeko jarrera irekia dute liberalek—.

Alderdikideen presioa

Indar horietatik egotzi diote Cameroni Alderdi Kontserbadoreko sektore euroeszeptikoenei men egin izana. Izan ere, John Baron parlamentariaren ekimenez, Alderdi Kontserbadoreko 100 kidek eskutitz bat sinatu zuten, Cameroni erreferendum bat deitzeko eskatuz EBn jarraitu ala ez erabakitzeko. Urte horretan eginen dituzte hauteskunde orokorrak Erresuma Batuan, eta erreferenduma bozen aitzinetik deitzeko eskatu zion Baronek Cameroni atzo. Parlamentariaren ustez, hori egin ezean herritarrak «desengainatuta» sentituko dira. Mark Pritchard alderdikidearen ustez ere, erreferendumera oraingo parlamentuak deitu beharko luke, «inork ezin duelako aurreikusi zer gertatuko den hauteskunde orokorretan».

Cameronek erantzun die, ordea, hauteskundeak baino lehen antolatzea posible den arren, ez litzatekeela «zuhurra» izanen, «Europa alda daitekeelako». Alderdi Laboristak ziurgabetasuna eta zalantzak leporatu dizkio Cameroni, erreferenduma proposatu bai, baina hori gibelatzearen alde agertu delako. Huw Irranca-Davies parlamentariaren ustez, esaldi batekin laburbildu liteke lehen ministroaren jarrera: «Bai baina, ez baina, bai baina...».

Eurogunearen krisiaren eraginez, EB eraldaketa bidean da. Horrek Erresuma Batuaren estatusari zein kostu ekarriko dion beldur da Cameron, eta «interes nazionala» batasunaren gainetik dagoela defendatu du. Eskumen gehiago Bruselaren esku ez uzteaz gain, bertze hainbat berreskuratzearen alde ere agertu da. Laboristei egotzi die egungo status quo-aren defendatzaileak izatea; hala ere, Cameronek nabarmendu du ez duela EB utzi nahi. Izan liteke haren ustea hala delako, edo batasunetik ateratzeak sor lezakeen ziurtasun ezagatik.

Erresuma Batuko eztabaidaren maila EBko gainerako herrialde nagusietan baino handiagoa da. Izan ere, euroeszeptizismoa arrazoi eta ikuspuntu ezberdinengatik bada ere, alderdi komunistek, eskuin muturreko indarrek eta nazio minorizatuetako independentistek agertu ohi dute, ez estatuen egiturak kontrolatu ohi dituzten bi joerek, hau da, kontserbadoreek eta sozialdemokratek.

Horretan eragina du, dudarik gabe, Erresuma Batuak kontinentearekin izan duen harreman historikoak. Mundu zabalean agindu zuen inperioa izan zen lehenik, eta, hori galduta ere, nazioarteko harreman esparru propioa mantendu du Commonwealth-en eta AEBekin izan duen harreman hurbilaren bidez. EBko kide izan arren, Londresek markatu duen aldearen adibide dira eurogunean eta Schengen eremuan ez sartzea. Izan ere, Churchillek berak ezin hobeki islatu zuen paradoxa 1946ko hitzaldian. Haren solasak EBren ideiaren aitzindaritzat hartu izan dira, baina hitzaldian bertan, Churchillek Erresuma Batua Europako Estatu Batu horien kanpoan irudikatu zuen,AEBekin eta Sobietar Batasunarekin batera, «Europa berriaren lagun eta guraso ponteko».

EBrekin bai, Eskoziarekin ez

Erreferendumaren inguruan sortutako eztabaidak ezinbertzean Eskozian proposatutakoa ekarri du gogora. SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko parlamentari Peter Wishartek galdetu dio Cameroni ea zer dela-eta kritikatzen duen SNP independentziarako erreferenduma gibelatu nahi duelako, baina EBren kasuan, lehen ministroak berak gibelatu nahi duen. Bi kasuen artean «alde nabarmena» dagoela erantzun dio Cameronek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.