CIAren hegaldiekiko EBren jarrera salatu du Europako Legebiltzarrak

Onartu duen txostenak dio ez dela sinesgarria EBko estatu batzuek ez izatea CIAren gehiegikerien berri

2007ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
AEBetako CIA zerbitzu sekretuaren hegaldi eta atxilogune sekretuak salatzen dituen txostena onartu zuen atzo Europako Legebiltzarrak. Txostenak Europako Batasuneko 13 estatu kideren -tartean Alemania, Austria, Erresuma Batua, Italia eta Suedia- jarrera ere gaitzesten du, hegaldi horiek erraztu edota horien berri zutela frogatutzat jota. Giovanni Claudio Fava Europako Alderdi Sozialista taldeko eurodiputatu italiarrak gidatutako ikerketa batzordearen txostena, 270 emendakin aurkeztu ondoren, bere egin zuen Legebiltzarrak, eta esan zuen ez dela sinesgarria EBko estatu batzuek ez izatea «terrorismoaren» susmopean atxilotutakoak legez kanpoko hegaldi eta galdekatzeko guneen berri. Auzia sakonago aztertzeko ikerketa independentea abian jartzeko eskatu zuen.

Txostenaren arabera, CIAk 1.245 hegaldi egin zituen; horietako askotan Europako zein beste kontinenteetako estatuetara eraman zituen bahitutakoak. Txostenak ez du baztertzen tortura kasuak egon izana. Legebiltzarreko 784 eurodiputatuetatik 382k bozkatu zuten salaketa dokumentuaren alde, 256k kontra eta 74 abstenitu egin ziren.

Favak gidatutako batzordeak iazko azaroan aurkeztu zuen txostenaren lehen bertsioa. Salatzen zuenez, EBko gutxienez hamar estatuk CIAk bahitutako 20 europar gutxienez galdekatzea edota hegazkinetan eramatea ahalbidetu zuten. Bi urtetan atondu zuen txostena. Favak salatu zuen hainbat estatuk eragozpenak jarri zituztela informazioa ematerakoan, eta EBren Terrorismoaren Kontrako koordinatzaile Gijs de Vriesek ez zituela «behar bezalako erantzunak» eman, eta emandakoak ez zirela «sinesgarriak».

Atzoko bozketaren aurreko eztabaidan PSEko diputatu italiarrak CIAren gehiegikerien aurrean «beste aldera begiratzea» egotzi zien EBko gobernuei. «Terrorismoaren kontrako borrokan bost urtetan egindako gehiegikeriak agerian utzi ditu ikerketak, eta erakutsi du Europako gobernuek bazutela horren berri».

Fava zorrotz aritu zen txostenak salatutakoa aletzen: «Ez dira iritziak edota aurreiritziak, frogatutako egitate larriak baizik». Haren hitzetan, 21 entrega berezien kasuak -susmagarriak epaileen agindurik gabe atxilotu eta kartzelatzea- «izozmendiaren muturra» baino ez dira.

«Pertsona errugabeek bost urte baino gehiago eman dituzte Guantanamon [AEBen kontrolpeko presondegian], ezein gobernuk ez zuelako beren egoeraz arduratu nahi. Ezin dugu beste alde batera begiratu, Europako gobernuek egin duten bezala», nabarmendu zuen.



EMENDAKINEN FILTROA. Egunotan, txosteneko «AEBen aurkako tonua» -kontserbadoreen ahotan- ezabatzeko edota leuntzeko negoziatzen saiatu da PPE Europako Alderdi Popularra, Favarekin kontsentsua lortu nahian. PPE da nagusi Legebiltzarrean -277 diputatu ditu-, baina atzoko bozketara ez zen jarrera bateratuarekin azaldu, ezta azarokoan ere.

Txostenaren jatorrizko testuan Alemaniari eginiko kritika gogorra kentzea lortu zuten sozialdemokrata alemaniarrek, bi emendakinen bidez. Jatorrizko testuan esaten zen Alemaniako Gobernuak «gutxienez jakinaren gainean» zegoela CIAk Khaled el Masri alemaniar-libanoarra Mazedonian bahitu eta Afganistanera galdekatzera eraman zuela. Halaber, ez zuela Guantanamon kartzelatutako Murat Kurnaz alemaniar-turkiarra askatzerik nahi izan, hau errugabea zela argi geratu ondoren. Ordu hartan sozialdemokratak zeuden Alemaniako Gobernuan.

El Masriren kasuan, atzo onartutako testuak dio «egundaino» ikerketek diotela ez zela agintari alemaniarren parte-hartzerik izan.

Polonia eta Errumaniari dagokiolarik, estatu hauetako agintariei txostenak eginiko kritikak leundu zituen Legebiltzarrak. Ikerketan ez laguntzeaz akusatzen zituen txostenak hasieran. Halere, azken bertsioan esan zuen ezin dela ez baieztatu ez ezeztatu haien lurraldeetan espetxe sekretuak egon daitezkeela dioen salaketa. Gobernuz kanpoko erakunde eta kazetari batzuek egina zuten salaketa hori.

Ikertutako 1.245 hegaldietatik hainbat hegaldi geldialdi «susmagarri» aletu ditu Favak zuzendutako batzordeak: 336 Alemanian, 170 Eskozian, 147 Irlandan, 91 Portugalen, 68 Herrialde Katalanetan eta Espainian, 64 Grezian, 57 Zipren eta 46 Italian.

Bestalde, EBren Atzeri Politikarako goi komisionatu Javier Solanarekiko kritika mantendu zuen txostenak, atzoko bozketaren ostean. Ikerketan ez zuela behar bezalako lagundu salatu zuen testuak.



ERREAKZIOAK. Txostenarekin «puntu politikoak» irabazi nahia leporatu zion Irlandako Atzerri ministro Dermot Ahernek ikerketa batzordeari. «[CIAren] Hegaldietako irregulartasunak bukatzean baino, puntu politikoak irabaztean du interes gehiago batzordeak».

Hegaldien kopurua «puztea» egotzi zion batzordeari, eta hegaldien gaineko informazioa arautzen duen Chicagoko Konbentzioa aldatzeko bere iradokizunak kontuan ez zituela hartu salatu zuen.

Duela 50 urte pasatxotik nazioartean indarrean dagoen konbentzio horrek ez ditu hegazkin konpainiak, igarotzen ari diren hegaldien kasuan, beren bidaiari, eskifaia edota zamaren gaineko informazioa ematera behartzen.

Halere, txostenaren ondorioak oro har aintzat hartuta, Europako Justizia Franco Frattinik EBko estatu kideei beren herrialdeetan auzia ikertzeko eskatu zien. «Gobernuek egia azalerazi behar dute, nahiz eta egia aztoragarria izan».

Alemaniako Atzerri ministro Guenter Gloserren iritziz, txostenaren ondorioak «urrunegi» doaz. «Baieztatzeak egitate bihurtu dituzte». Alemaniak du ekaina arte EBko txandakako presidentetza.



TxosTenaren mamIa

Salaketa. «Ikerketarekiko estatu kide askok eta Europako Kontseiluak erakutsi duten elkarlanik eza salatzen du Europako Legebiltzarrak».

Kexua. «Legebiltzarra kexu da Europako estatuek uko egin diotelako beren aire eremu eta aireportuen gaineko kontrolari, CIAk gidatutako hegaldiak onartutako edota beste alde batera begiratuta. Hegaldi horiek, zenbaitzuetan, atxilotuak legez kanpo eramateko erabili zituzten».

Deia. «Guantanamo ixteko deia egiten du Legebiltzarrak. Halaber, Europako estatuei eskatzen die AEBetako agintariek legez kanpo atxikitzen dituzten beren herritar eta egoiliarrak berehala itzularaztea lor dezatela».

Iradokizuna. «Legebiltzarrak uste du Europako estatu guztiek ikerketa independenteak hasi beharko lituzketela, CIAk alokatutako hegazkin zibil guztien geldialdien inguruan».

Exijentzia. «Atxilotuak eraman eta entregatzeko CIAk gidatutako hegazkin jakinei [igarobidea] debekua edota behaketa sistema ezartzeko exijitzen du Legebiltzarrak».





SaLaTuTaKo esTaTuaK

Alemania.

Austria.

Danimarka.

Erresuma Batua.

Errumania.

Espainia.

Grezia.

Irlanda.

Italia.

Polonia.

Portugal.

Suedia.

Zipre.





«Ikerketak agerian utzi ditu terrorismoaren kontrako borrokan bost urtean egindako gehiegikeriak»

giovanni claudio fava
txostena egin duen eurodiputatu sozialista
«Irregulartasunak bukatzea baino gehiago interesatzen zaio batzordeari puntu politikoak irabaztea»

dermot ahern
irlandako atzerri ministroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.