Denon ahotan dabilen sekretua: Europa legez kanpoko atxiloketen konplize izan zela agerian uzten duten zantzuak haziz doaz izeneko txostena plazaratu du erakundeak. «Desagertzeen eta legez kanpoko atxiloketen, torturen eta tratu txarren» biktimekin ez dela justiziarik egin salatzearekin batera, eskaera bat egin du Bergerrek: «Gobernuek kontuak eskatu behar dizkiete giza eskubideen urraketen erantzuleei». Zortzi estatu egiten ditu urraketa horien konplize, zuzenbidearen esparrutik kanpo aritu zirelako, informazio zerbitzu sekretuek ere zilegi denaren mugatik haratago aritu baitziren. 2001eko irailaren 11ko atentatuez geroztik hainbat herrialdetan atzemandako lagunak atxiki zituen CIAk Europan. Guantanamora bidean izan zituen preso kartzela sekretuetan. Alemania, Erresuma Batua, Errumania, Italia, Lituania, Mazedonia, Polonia eta Suedia aipatzen dira txostenean, eta horietako batzuk oraindik ere urraketen konplize izan zirela ukatzen dutela. Herrialde horietako batzuetan ikerketak hasi dituzte, baina oraindik egiteko asko dago, eta, horrenbestez, estatu kideek egin ez duten lana egin behar izan du Amnestyk; «Elkarrizketatu ditugun biktima guztiek jakinarazi digute torturak eta tratu txarrak jaso zituztela». Desagertutako hainbat lagun oraindik non dauden jakiterik ez dutela izan ere zehaztu du Bergerrek.
Espainiari ere kritika
Estatu kideentzat ez ezik, baina, goi mailako erakundeentzat ere kritikak izan ditu Amnestyk. Gobernuek egindako abusuak iker ditzaten neurririk hartu ez izana leporatu baitio Bergerrek Europako Batasunari. Europako Legebiltzarrak berak batzorde bat eratu zuen hegaldi sekretuak ikertzeko, baina behin txostenaren ondorioak kaleratu ostean, ez da erantzuleez hitz egin.
AEBetako zerbitzu sekretuek aireportu zibilak ere erabili zituzten. Giovanni Fava Italiako diputatuak zuzendutako txostena babestu zuten 2007an eurodiputatuek -aldeko 382 boto, kontrako 256 eta 74 abstentzio-. Dokumentu horrek 1.245 hegaldiren berri ematen du; Alemania (336), Erresuma Batua (170), Irlanda (147), Portugal (91), Espainia (68), Grezia (64), Zipre (57) eta Italia /46). Polonian, Errumanian eta Lituanian kartzela sekretuak izan zituzten.
Espainiako Gobernuak, berriz, hegaldi sekretuen xehetasunak argitze aldera ez dela espero bezala elkarlanean aritu salatu du AIk. Espainiako eta Herrialde Katalanetako aireportuak2002ko urtarriletik 2007ko irailera bitartean baliatu zituen CIAk. Gutxienez 68 geldialdi egin zituzten hegazkin horiek; Guantanamora eramandako 200 lagun zihoazen.
Giulietto Chiesa.CIAko hegaldiak ikertu dituen eurodiputatu italiarra
«Gobernuen subiranotasuna mugatua dagoela frogatu da»
Serena Corsi. ErromaItalian arrunt ezaguna da Giulietto Chiesa (Acqui Terme, 1940). SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean aditurik handienetako bat da, Moskun aritu baitzen lanean, RAI telebistarako. Europako Parlamenturako bozetara aurkeztu zen 2004an, zerrenda independente batean. Parlamentaria izanik, CIAk Europan eginiko hegaldiak eta izaniko kartzela sekretuak ikertzen hasi zen, eta gai hori aztertu zuen batzordean parte hartu zuen; liburu batidatzi zuen ere bai, eta horretaz mintzatu da BERRIArekin.
Nola atera ziren argitara CIAren hegaldiak eta kartzela sekretuak?
Amnesty Internationalen salaketa bati esker, 2004an; izan ere, isilpeko informazio batzuk eskuratu zituen AEBetako zerbitzu sekretuetatik. Gero, kontuak interesa piztu zuen Europan, jakin baitzen bi kartzela sekretu zeudela, bat Polonian eta bestea Errumanian. Egun, badakigu beste presondegi bat ere izan dutela, Lituanian, eta hantxe eduki zutela, inolako azalpenik gabe, 2001eko irailaren 11koa prestatzea leporatzen dioten susmagarri nagusietako bat. Oro har, legez kanpoko bahiketak eta atxiloketak egiten zituzten, Europako Batasuneko eta nazioarteko zuzenbidetik kanpo.
Parte hartu zenuen ikerketa batzordean, eta haren txostena onartua du Europako Parlamentuak.
Hori lortzea garrantzitsua izan da oso: kasu bakarra da Europako Parlamentuak dudarik gabe kritikatu dituena bertako kiderik zaharrenak eta garrantzitsuenak. Txosten horretan agerian gelditu zen gobernuek zuzenean esku hartu zutela CIAren operazio horietan, beren zerbitzu sekretuen bitartez. Hala, frogatu da Europako gobernuen subiranotasuna mugatua dagoela, eta zer esanik ez herritarrena, haiei dena ezkutatzen baitzaie, zuribide gisa estatu sekretua erabiliz. Esaterako, 2003an Abu Omar bahitu zuten, Milango imama eta ustezko terrorista, eta horrek galdera batzuk eginarazi behar zizkien italiarrei: gobernuak ba al zekien CIAk, Italiako zerbitzu sekretuekin batera, bahitua zuela italiar herritar bat? Eta ez baldin bazekien, norentzat lan egiten dute Italiako zerbitzu sekretuek?
Akusazioak larriak izanagatik, eurodiputatu gehienek onartu zuten txostena 2007ko otsailean.
Bildu ditugun frogak ukaezinak baitziren. Nolanahi ere, trabak jarri nahi izan zizkiguten; 150 zuzenketa aurkeztu zituzten txostenaren onarpena atzeratzeko, eta zenbait talde politikok ez zuten nahi beren gobernuen errua argitara ateratzerik, guztia gertatu berritan. Moralaren kontrakoa da, baina oso joko ezaguna da politikan.
Litekeena da orain ere Europan kartzela sekretuak izatea?
Ez dut uste. Erne daude, eta, gainera, operazio mediatiko eta estrategiko bat bada irailaren 11koa gainditzeko. Beste fase batean gaude: Iranena. Adiskide berriaren eraikuntzaren parabola oso azkar zabaltzen ari da: txinparta bat piztu Israelekin, eta nahikoa izango da mundu guztia gerra nuklear baten atarian egoteko.
Historialari batzuek diote krisi ekonomiko honek atea zabalduko diola mundu guztiko gatazka bati.
Ni pesimistagoa naiz. Krisi hau okerragoa da, globalagoa. Eta munduko gatazka batean ez litzateke fusilik eta bonba arruntik erabiliko. Arriskuan gaude, eta arriskua ez dakarte Erresuma Batuko zerbitzu sekretuek berriki aipaturiko 'eraso terroristek'. Hori desinformazio operazio bat da, jendea beldurtzeko eta etsaiarenganako gorrotoa instituzionalizatzeko, Iranen kontrako psikosia zabaltzeko. Zertarako ematen dute alarma horien berri telebistan? Herri xeheak ez dauka ezer ere bere burua defendatzeko; ezin du ezer egin. Beldurtu bai; hori bai. Metafora bat erabili ohi dut gizadia egun zertan den azaltzeko: sei bilioi bidaiari hegazkin batean, lurretik 10.000 metrora, tximino batek gidaturik.