«Eskertzen dut CIAko buruzagi ohiek erakundea babesteko egindako ahalegina, baina inor ez dago legearen gainetik». Horixe erantzun die AEBetako presidente Barack Obamak CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko buruzagi izandakoei. Azken horiek gutun bat bidali zioten duela egun batzuk buruzagi estatubatuarrari, agentziaren inguruko ikerketak geldiaraz ditzan eskatzeko. Baina Obamak atzera bota du eskaera, eta azken erabakia Justizia idazkariaren esku utzi du.
Eric Holder fiskal nagusiak dagoeneko agindu du ustez CIAren kartzela sekretuetan egindako torturak ikertzeko. Ez du, ordea, zehaztu zenbat salaketa aztertuko dituzten. Dena den, informazio agentziako arduradun izandakoen iritziz, halako ikerketa batek «arriskuan» jar lezake talde osoaren lana. Dick Cheneyk, George Bushen garaian presidenteorde izandakoak berak, behin baino gehiagotan defendatu ditu CIAk erabilitako teknikak. Gutunean buruzagi ohiek ohartarazi dute galdeketak aurrera egiten badu atzerriko gobernuek beren elkarlana etengo dutela beharbada. Informazio Agentzia Zentraleko egungo buruzagiak, Leon Panettak, ez du mezua sinatu, baina hasieratik agertu da ikerketaren aurka.
Kasu bakarra, oraingoz
Holderren eledun Mark Millerrek esan du ikerketak ez duela inolako arazorik sortuko, eta nabarmendu oraingoz salaketak aztertzen ari direla eta ez erantzuleak epaitzen. «Justizia Departamentuak ez ditu auzipetuko borondate onez aritu zirenak». Obamak berak ere lasaitasuna eskatu du: «Hau ez da ikerketa kriminala. Ez dugu sorgin ehizarik nahi, baina fiskal nagusiaren lana legea betearaztea da».
Oraingoz salaketa bakarra ari dira epaitzen AEBetako Justizia idazkariaren aginduz, duela zazpi urte Kabulgo kartzela sekretuetako batean hildako gazte batena. Hasiera batean beste bederatzi kasu ere aztertuko zituztela iragarri zuten komunikabideek, baina Washingtongo iturriek ukatu egin dute halakorik.
CIAri buruzko ikerketa ez duela geldituko iragarri du Obamak
AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko buru ohiek ikerketaren arriskuez ohartarazi diote Etxe Zuriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu