PSC Kataluniako Alderdi Sozialista, berriz, CiUtik diputatu batera geratuko litzateke, orain dituenak baino bost gutxiagorekin. Ildo horretan, CiU nahikoa parekatuta geldituko litzateke bozetan Pasqual Maragallen alderdiarekin aurrenekoak 48 diputatu lortuko lituzke eta bigarrenak 47. Beraz, ERC Esquerra Republicana de Catalunya eta IC-V Iniciativa per Catalunya-Els Verds alderdiak boz kopurun gora egin eta giltzarri bilakatuko dira gobernua eratzeko, CIS Ikerketa Institutuak egin berri duen inkestaren emaitzei erreparatuz gero. Josep Lluis Carod-Roviraren alderdia sei diputatu irabazi eta 18 izatera pasako litzateke, hirugarren alderdi gisa duen indarra sendotuz eta etorkizuneko gobernuaren osaketan pieza erabakigarria bihurtuz.Joan Sauraren IC-V alderdiak, berriz, zortzi ordezkari lortuko lituzke EUIA Kataluniako Izquierda Unida alderdiarekin batera hauteskundeetan aurkeztuko den aurreneko aldian. Gaur egun hiru diputatu ditu Iniciativak, beraz, beste bost gehiago lortuko lituzke.
Aliantzak egin beharra, nahi eta nahi ez
Kataluniako alderdi nagusiakCIU eta PSC gehiengoa lortu ez eta, ondorioz, gainontzeko alderdiekin adostasunak bilatzeko beharrean egongo dira, gutxienez 67 diputatu gehituko lituzkeen koalizioa osatzeko. Inkestaren arabera, herritarren %24,9k CiU eta ERC alderdien arteko koalizioa nahiago dute eta %16,9k CiU eta PSCren artekoa.
Convergencia i Uniok eskualde guztietan irabaziko lituzke bozak Bartzelonan izan ezik, non Kataluniako Alderdi Sozialistak 33 diputatu lortuko lituzkeen eta CiUk, berriz,27.Espainiako Soziologia Institutuaren azken ikerketak alderdi bakoitzeko agintarien onarpen maila aztertu du ere. Ildo horretan, ERC alderdiko idazkari nagusi Carod-Rovira da hautagai estimatuena, 5,46 punturekin. Pasqual Maragall sozialista eta Artur Mas dira, ondoren, sostengu maila gehien duten agintariak; izan ere, biek 5,32ko puntuazioa lortu dute. Iniciativa per Catalunyako ordezkari Joan Saurari, berriz, 4,57 puntu eman diote inkestek eta, azkenik, babes gutxien lortu duen hautagaia Josep Pique popularra izan da 3,34 puntuekin.Alta, Generalitateko presidente gisa Pasqual Maragall nahiago dute herritarrek (%29,4) Carod-Rovira baino (%11,2). Artur Mas, aldiz, bigarren postuan agertzen da inkesta horretan (%26,2).Datorren igandeko bozetako aipamen garrantzitsuetako bat, ordea, 23 urtez agintean egon den Generalitateko presidente Jordi Pujol hautagai ez izatea da. CISeko inkestaren arabera, azken urteotan Pujolen agintaldia positiboa izan da kataluniarren %43,9rentzat.
Erreakzioak
Inkestaren emaitzek erantzun ezberdinak sorraratzi dituzte hautagaien artean. Ildo horretan, Jordi Pujolen ordezko Artur Masek inkestei kasu ez egiteko eskatu zuen atzo eta erabateko garaipena lortzea espero zuela adierazi zuen. «Kataluniari gobernu sendoa komeni zaio, eskuak libre izango dituena eta Madrilekin aurrez aurre hitz egingo duena», esan zuen.
Pasqual Maragallen ustetan, inkesta «iruzur politikoa» da eta zalantzan jarri du Espainiako Soziologia Institutuaren sinesgarritasuna. «Inkestaren manipulazioa agerikoa bada ere eta CIU eta PPren arteko hitzarmenaren tresna bada ere, ezin izan dute ezkutatu PSC aurretik doala», helarazi zuen hautagai sozialistak.ERCko ordezkari Carod-Rovirak etorkizuneko gobernuaren osaketan PP alderdia koalizioetatik kanpo geratuko dela nabarmendu zuen. «Zentro-ezkerreko gobernua aterako da eta popularrekin negoziatu gabe era daiteke gobernua», adierazi zuen.Bien bitartean, Josep Piquek boza eman aurretik hausnarketa egitea eskatu zien herritarrei. «Ezkerreko alderdien arteko koalizioa eratuz gero, eskola eta ospitale pribatuekin dauden hitzarmenak bertan behera gelditzeko arriskua dago», ohartarazi zuen.IC-Vko bozeramaile Joan Herrerak alderdiak izango duen hazkundea «ikusgarria» izango dela eta bozetan sorpresa bilakatuko dela esan zuen. Koalizioa lortzeko bere alderdiak izango duen jarrera erabakiorra izango dela aipatuz.Bestetik, katalan hizkuntzaren normalizazioa sustatzea xede duen Omnium Cultural elkartearen agiria sinatu zuen atzo ERC alderdiak. Halaber, hitzarmen bat sinatu zuen Kataluniako Selekzioaren aldeko Plataformarekin asteburuan.
-
Asteko kronika
larunbata
Bretainia: Diwan bretoierazko irakaskuntza sareak laguntza eskatu zion Eskualde Kontseiluari aurten izango duen 250.000 euroko defizitari aurre egiteko. Diwanek 37 ikastetxe eta 2.700 ikasle ditu. Frantziako Estatu Kontseiluak sare publikoan barneratzeari uko egin ostean sortu dira arazoak.
igandea
Herrialde Katalanak: Valentziako Generalitatek iragarri zuen administrazioan katalana erabiltzeko 1983ko legearen zenbait neurri ezarriko zituela: goi kargudunen hitzaldietan katalana erabili eta herritarrak artatzean harremana katalanez hastea. Valentziako Ekintza Kulturala elkarteak legea osorik betetzeko eskatu zuen.
astelehena
Gales: Ieuan Wyn Jones Legebiltzarrean Plaid Cymru alderdi abertzaleko buruak adierazi zuen alderdien finantza arauak aldatzea izango dutela xede nagusia. Jonesen ustez, banaketa desorekatua da urratsak egiteko oztopoa.
asteartea
Korsika: Borguko espetxean preso politiko korsikarrak izateko atal berezi bat ireki zuten. 27 presorentzat izango du lekua. Errepresioaren Aurkako Batzordeak salatu zuen neurria mugatuegia zela, preso gutxi hartu eta baldintza ugari bete beharko dituztelako uhartera itzultzeko.
asteazkena
Bretainia: Ehunka lagun manifestatu ziren Gwengampen (Guingamp), bezperan Frantziako Poliziak sei lagun atxilotu izana salatzeko. Irlandako Benetako IRA erakunde armatuarekin lotura leporatu zieten.
osteguna
Eskozia: Legebiltzar berria eraikitzeko aurrekontuaren igoera izugarriagatik ia hamar bider ireki den ikerketan funtzionario batek esan zuenez, hasierako egitasmoetatik garestiena aukeratu zuen Londresek, 1997an, 40 milioi libera esterlinokoa. Finantzazio pribatuarekin 10 milioikoa izan zitekeela gaineratu zuen.
ostirala
Galizia: Ventura Perez Mariño Vigoko alkate sozialistak dimisio eskaerak baztertu eta Udaleko osoko bilkura atzeratzea erabaki zuen, PP Alderdi Popularrak bilera utzi zuela eta eztabaidara joandako herritarren protestak ikusita. PPk eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak dimisioa eskatu zuten.