erresuma batua

Clegg, Erresuma Batuko lehen ministrorde

David Cameron lehen ministro kontserbadorearen ondokoa izango da buruzagi liberal-demokrata, eta biek gaur elkarrekin egin dute agerraldia. Alderdiek atzo lortu zuten gobernu akordioa.

2010eko maiatzaren 12a
16:26
Entzun
Atzo gauean jakin zen David Cameron kontserbadorea izendatu zutela Erresuma Batuko lehen ministro, eta bart eman dute beste albiste garrantzitsua: Nick Clegg liberal-demokrata izango da gobernuko bigarren arduradun nagusia; hau da, lehen ministrordea.

Biek gaur agerraldia egin dute elkarrekin hedabideen aurrean, Londresen, Downing Street 10.ean. Lehen ministroaren egoitzara sartu dira ondoren, gobernu osaketaz hitz egiteko, eta 13:15ean prentsaurrekoa emango dute.

Gordon Brown laboristak lehen ministro kargutik dimisioa eman eta ordu erdi eskaseko tartean izendatu zuen Cameron kargurako Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak.

Alderdi Kontserbadoreak eta Alderdi Liberal-demokratak atzo bertan lortu zuten koalizio gobernurako akordioa. "Hirtzarmen progresiboa" zela esanez atera zen Simon Hughes liberal-demokraten bozeramailea.

Luze negoziatu zuten atzo bi alderdietako ordezkariek. Cameron eta Clegg goizean bildu ziren. Arratsaldean, berriz, bi aldeetako negoziazioetarako ordezkariak elkartu ziren, euren desadostasun politikoak "gobernu sendo baten alde" gainditzerik bazen erabakitzeko.

Ostegunean izan ziren Erresuma Batuko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Alderdi Kontserbadorea izan zen irabazle, Cameron dela buru: 306 diputatu lortu zituen (%36,1eko babesa). Alderdi Laboristak 258 eserleku eskuratu zituen (%29ko babesa), Alderdi Liberal-Demokratak 57 (%23).

Azkeneko 36 urteetan ez bezala, inork ez du gehiengo osorik. Azkeneko hamahiru urteetan laboristak egon dira gobernuan; Tony Blair eta Brown izan dira lehen ministro. Azken horrek Alderdi Laboristako buruzagitzari ere uko egin dio, eta politika utzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.