Nick Clegg Erresuma Batuko Alderdi Liberal-Demokratako zerrendaburuak agertu du modu "eraikitzailean" aztertuko duela David Cameron Alderdi Kontserbadoreko buruak elkarrekin gobernua osatzeko egin dion eskaintza. Cleggek adierazi du programa hartuko duela ardatz, eta "ezinbestekoa" iruditzen zaio hauteskunde sistema aldatzea.
Izan ere, Alderdi Liberal-Demokratak botoen %23 izan arren, 57 diputatu baizik ez ditu eskuratu. Duela bost urte %22,1eko babesarekin 63 diputatu lortu zituen. Kontserbadoreek orain 306 eserleku dituzte %36,1eko babesarekin eta Alderdi Laboristak %29rekin 258.
Cleggek alderdiko kiderik beteranoekin bilera egin du gaur Londresen, osteguneko hauteskundeetako emaitzak baloratzeko.
Erresuma Batuko Legebiltzarrean, azkeneko 36 urteetan ez bezala, inork ez du gehiengo osorik. "Herritarrek gobernu egonkorra eta ona merezi dute", adierazi du buruzagi liberal-demokratak gaur eta, bozen ondorengo egoera zein den ikusita, "politikariak negoziatzera behartuta" daudela. Hezkuntza eta krisi ekonomikoa izango dira haren beste bi ardatzak.
Azkeneko hamahiru urteetan laboristak izan dira gobernuan.
erresuma batua
Cleggek modu "eraikitzailean" aztertuko du Cameronen gobernu eskaintza
Alderdi Liberal-Demokratako zerrendaburuak dio Erresuma Batuak "gobernu egonkorra eta ona" behar duela. Kontserbadoreek ez zuten gehiengo osorik lortu osteguneko hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu