AEBetako primarioak

Clintonek ez du eskuratu hautagaitzarako lehian sendo jarraitzeko adina boto

Obamari irabazi egin dio Indianan, %2ko alde estuarekin. Hala ere, Alderdi Demokratako presidentegaia izateko lehian segituko duela iragarri du Clintonek. Obamak, berriz, aise irabazi ditu Ipar Karolinako primarioak, %14ko aldearekin.

2008ko maiatzaren 7a
09:56
Entzun
Alderdi Demokratako presidentegaia aukeratzeko primarioak egin zituzten atzo Ipar Karolinan eta Indianan, eta Barack Obama eta Hillary Clinton bi hautagaiek elkarrekin duten lehia estua aintzat hartuta, erabakigarrien traza hartu dute atzoko boz horiek. Analista askoren iduriko, hautagai izateko ia aukerarik gabe utzi dute Clinton.

Izan ere, garaipen zabala eskuratu zuen Obamak Ipar Karolinan, inkesten aurreikusten zutena baino handiagoa: %14ko aldez irabazi dio Clintoni. Aldiz, Indianan, aurreikusitakoak baino emaitza kaskarragoak izan ditu Clintonek, inkesten garaipen zabala iragartzen bazuten ere, doi-doi lortu baitu Obamari aurrea hartzea. Zehazki, botoen %51 izan dira Clintonentzat eta %49 Obamarentzat; %2ko alde estua.

Horrenbestez, Obamari 200 ordezkari falta zaizkio azaroko konbentzioan hautagaitza lortzeko; Clintoni bikoitza baino gehiago. Eta, gainera, emaitzak okertzen ari zaizkionez, gero eta zailtasun gehiago ditu Clintonek hauteslelen zein Alderdi Demokratako buruzagien aurrean bere hautagaitza sinesgarri egiteko. Hala ere, lehian irmo segituko duela iragarri du Indianako garaipen estuaren berri izan ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.