CO2 isurketak mugatzeko prest agertu da Bush lehen aldiz

AEBen proposamena «pailazokeria hutsa» dela salatu dute ingurumenaren aldeko erakundeek

arantxa elizegi egilegor
2007ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
AEBetako presidente George Bushen proposamena historikoa izan da gutxi batzuentzat, eta itxurazkoa gehien-gehienentzat. Ukatu ezin dena da lehen aldiz Washington prest agertu dela berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murrizteko. «Estatu Batuek beste herrialdeekin egingo dute lan, CO2 gasen isurketak mugatzeko akordioa lortzeko 2012an Kyotoko Protokoloa amaitzen denerako», azaldu du Bushek. Horiek hala, azaldu du datorren urte amaiera arteko epea jarri duela Washingtonek nazioartearekin nolabaiteko akordioa lortzeko. Bitartean bilerak egingo dituzte gehien kutsatzen duen hamabost herrialdeekin. Horien artean daude, garatzeko bidean dauden hainbat nazio, besteak beste, India eta Txina.

AEBetako presidentearen esanetan, asmoa da epe luzerako akordioa lortzea 2008 amaierarako, baina gero estatu bakoitzak bere kabuz erabakiko du nola murriztu nahi dituen gas isurketak. «Estatu bakoitzak ebatziko ditu epe motzerako helburuak, eta beharrezko energia lortzeko programak. Datozen 18 hilabeteetan gure ekonomiako zenbait alorretan punta-puntan dauden enpresaburuekin bilduko gara, energia alternatiboez eztabaidatzeko». Horretaz gain, «energia garbiarekin» lotutako teknologia berrien gaineko muga-zergak kentzeko ere eskatu du AEBetako presidenteak.

Datorren astean Alemanian dira biltzekoak G8a osatzen duten munduko zazpi herrialde aberatsenak eta Errusia. Klima aldaketa izango da, hain zuzen ere, goi bileran eztabaidatuko duten gai nagusietako bat. Bertan, Europako Batasuneko txandakako presidente Angela Merkelek CO2 gasen isurketa murrizteko hainbat proposamen aurkeztuko ditu. Baina Etxe Zuriko zenbait iturrik jada iragarri dute Washingtonek ez dituela EBren egitasmoak onartuko. Ondorioz, Bush izango da ziurrenik G8ko beste kideen kritiken jomuga.



KRITIKAK. Ingurumenaren aldeko AEBetako erakundeek gogor kritikatu dute Bushen proposamena. «Pailazokeria hutsa da. Klima aldaketaren gaia serio hartzen duen itxura egin nahi du Bushen administrazioak, isurketak murrizteko ezer egiten ez duenean», salatu du Lurraren Lagunak elkarteko presidente Brent Blackwelderrek. Harekin bat etorri da Ingurumenaren Konpainia Nazionaleko buru Philip Clapp ere. Haren esanetan, G8koen proposamenari emango dion ezetza disimulatu nahi du Bushek bere egitasmoarekin. «Urteetan klima aldaketari buruzko eztabaida atzeratu ostean, Bushen administrazioak ez du sinesgarritasun handirik atzerriko gobernuen artean».

Oso bestelakoa izan da Bushen betiko aliatu den Erresuma Batuko lehen ministroaren erreakzioa. Tony Blairrek aurrerapauso izugarritzat jo du Washingtonen egitasmoa. Haren iritziz, hori da nazioarteak behar duena, alegia,AEBak, India eta Txina lotuko dituen akordioa. «Garrantzitsuena da AEBek lehen aldiz esan dutela nazioarteko hitzarmenean parte hartu nahi dutela. Lehen aldiz jarri dizkio mugak bere buruari». Harekin bat etorri da Alemaniako kantziler Angela Merkel ere, eta goratu egin du Bushen jarrera.

Etxe Zuriak, berriz, ukatu egin du klima aldaketaren aurkako borroka geldiarazi nahian ari denik. James Connaughton eledunaren arabera, hori hala balitz ez lirateke saiatuko kutsadura murrizteko proposamen berriak aurkezten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.