Ada Colau Bartzelonako alkateak hizpide izan du PSCrekin udalean duen gobernu ituna hausteko erabakia. Adierazi duenez, bere taldea ez da independentismora gerturatu; aitzitik, sozialistekin haustea "demokrazia kontua" dela nabarmendu du, PSCk 155aren aplikazioa babestu duelako. "Lan egingo dugu argi uzteko badela hirugarren aukera, blokeekin lerratzen ez dena". Hirugarren bide hori zertan datzan azaldu du: "Ez alde bakarreko independentzia, ezta 155a ere".
Colauren esanetan, gizartean bada gehiengo bat "agenda soziala berreskuratu" nahi duena. Horrek izan behar du lehentasuna, Bartzelonako alkatearen iritziz.
PSCren jarrera "bonba atomiko bat bezala" erori da Katalunian, Colauren hitzetan, Kataluniaren autonomian esku hartzea defendatu duelako. Espainiako Estatuaren errepresioa eta Generalitateko zortzi kideren espetxeratzea onartzea leporatu dio alderdi sozialistari.