Atzo izan ziren hauteskunde orokorrak Guatemalan eta, bozen %85 zenbatuta dutela, Alvaro Colom sozialdemokrata (Itxaropenaren Batasun Nazionala) doa aurreneko postuan, %botoen 28,24rekin.
Otto Perez Molina eskuindar eta jeneral ohiak (Alderdi Patriota) %24,39ko babesa du, eta bigarren tokian doa.
Alejandro Giammattei (Batasun Aliantza Handia) doa hirugarren, %18 inguruko babesarekin.
Besteren artean, Rigoberta Menchu Guatemalaren Aldeko Topaketa alderdiko buru eta Bakearen Nobel saridunak %3ko babesa lortu du. Inkestek emaitza hori iragartzen zioten.
Kontuak kontu, ez du inork lortuko gehiengo osorik eta, beraz, datorren azaroaren 4an egingo dute bigarren eta azken itzulia; Colom eta Perez Molina izango dira hautagaiak orduan.
2003an Oscar Berger kontserbadoreak (Aurrerapen Nazionalaren Alderdia) irabazi zituen Guatemalako hauteskundeak, eta hura izan da presidente orain arte.
Guatemala
Colom sozialdemokrata doa aurretik Guatemalako hauteskundeetan
%85 zenbatuta, botoen %28,24 lortu ditu. Inork ez du lortuko gehiengo osorik eta bigarren itzulia egingo dute, azaroaren 4an. Hautagaiak: Colom bera eta Perez Molina eskuindar eta jeneral ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu