Beste lagun bat hil dute Irlanda iparraldean, bart: Craigavonen, polizia bat. Polizia iturriek hasieran Benetako IRAri (RIRA) egotzi diote hilketa, baina ordu batzuk geroago Continuity IRAk (CIRA) hartu du bere gain. Benetako IRAk larunbatean bi soldadu hil zituen, Belfastetik 25 kilometrora, Massereeneko base militarrean; beste lau lagun (bi soldadu eta bi zibil) zauritu egin zituen orduan. Gaur arratsaldean PSNI Ipar Irlandako Poliziak bi lagun atxilotu ditu Belfasten, bart gaueko atentatuarekin ustez zerikusia dutelakoan. Batek 17 urte ditu, eta besteak 37.
Craigavongo auzo katolikoko ikastetxe batean "jarduera paramilitarrak ikertzen" ari zela hil dute polizia, auto barruan zela tirokatuta, eta harekin zen beste bat zauritu egin da. 48 urteko Stephen Paul Carroll da hildakoa. "Larunbateko erasoaren ondotik espero genuen indarkeriarekin segituko dutela, baina ez genuen uste hain azkar egingo zutenik beste hilketa", esan du DUP Alderdi Unionista Demokratikoak.
Larunbateko atentatu hari “bake prozesuaren kontrako eraso” iritzi zion atzo Gerry Adams Sinn Feineko buruak. “Zerbait okerra izan zen, kontrako eragina duena. Nire pentsamenduak eraildako bi gizonen eta zauritutakoen senideekin daude. Honen guziaren logikak zera eskatzen du: zerikusia izan zutenak atzemateko lanetan Polizia lagun dezagun”.
Gaur, igandean bezala, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du ez direla iraganera itzuliko, "hiltzaile hauek Irlanda iparraldeko jendearentzako bake prozesua hautsi nahi duten arren".
Sunday Tribune egunkariak -Dublinen du egoitza- herenegun zioen Benetako IRAren izenean dei bat jaso zuela, eta honek zioela atentatua berak egin zuela. Kazetaren arabera, deia egin zuenak erakunde armatuaren hitz gako bat erabili zuen. Taldeko kideak esan zuen Londresko gobernuak bere armadaren bidez Irlanda iparraldea okupatuta duen bitartean atentatuak egiten segituko duela.
Benetako IRA IRAtik 1997ko urrian bereizitako taldea da, eta 1998ko abuztuaren 15ean atentatu handia egin zuen Omagh hirian (Tir Eoghan konderria, Irlanda iparraldea): 29 lagun hil zituen bonba-autoa leherrarazita, eta 300 baino gehiago zauritu.
Joan den asteburuko atentatuari dagokionez, Londresko eta Dublingo gobernuek eta alderdiek gaitzetsi egin dute, eta bake prozesuak aurrera segituko duela ziurtatu dute -Erresuma Batuko lehen ministroak eta Sinn Feinek barne-.
Irlanda
Continuity IRAk hartu du bere gain polizia baten hilketa, eta Poliziak bi lagun atxilotu ditu
Tiroketa batean zendu da, Craigavonen. Larunbatean bi soldadu hil zituen beste talde batek, Benetako IRAk, eta “bake prozesuaren kontrako eraso” iritzi zion Gerry Adamsek. Erresuma Batuko lehen ministroak gaur berretsi egin du ez direla iraganera itzuliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu