CiU iraganeko kontua da. 1978ko irailaren 19an sortu zuten aliantza CDC Convergencia eta UDC Unio alderdiek, eta Kataluniako burujabetza prozesuarekin amaituko da 37 urteko ibilbide emankor eta aldi berean gatazkatsua. Atzo, Unioko hiru kontseilariek Kataluniako Gobernua uztea erabaki zuen UDCko zuzendaritzak, baina, Unioren eta Convergenciaren arteko harremana eten arren, CiU ez dela hautsi esan zuen Ramon Espadaler idazkari nagusiak. Izan ere, Kataluniako Parlamentuan, Espainiako Gorteetan eta udal eratu berrietan legealdiak amaitu arte hautetsi taldeen jarraipena bermatu egingo duela hitzeman du Uniok. Independentziari buruzko jarrera bateraezinek, baina, zartatu egin dute CiU.
Convergenciak , ordea, federazioari ezin zaiola eutsi iragarri du gaur goizean.
Irailaren 27ko hauteskundeei begirako bide orrian ondo ezkontzerik ez dute lortu Artur Masek eta Josep Antoni Duran i Lleidak, eta dibortzioa ofizial egitea besterik ez da falta, federazioaren haustura behin betikotzat jotzeko. Convergenciak atzo gauean bildu zuen zuzendaritza, Unioren erantzuna aztertu eta Kataluniako Gobernuko krisiari nola aurre egin erabakitzeko.
Kataluniaren independentzia helburu duen prozesuan Convergenciak bide orri zehatz bat landu du ERCrekin, ANC Biltzar Nazional Katalanarekin, Omnium Culturalekin eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartearekin. Eta, hauteskunde plebiszitarioetara elkarrekin joatekotan, independentziaren aldeko jarrera argi bat adierazteko baldintza jarri zion Convergenciak Uniori. Hain justu, Unioko militanteek barne bozketa batean burujabetzarako urrats oro lege barruan egitea eta alde bakarreko independentzia adierazpen bat baztertzea hobetsi berritan. Unioko zuzendaritzaren proposamenak botoen %50,3 soilik jaso zituen, ordea, eta agerian geratu zen demokristauak pisu bertsuko bi zatitan banatuta daudela.
Horren ondoren erantzun zion Convergenciak Uniori ez zuela urrats bakar bat ere atzera egingo bere bide orrian, eta, Artur Mas presidenteak irailaren 27rako deitu asmo dituen hauteskunde plebiszitarioetan batera joatekotan independentziaren aldeko jarrera argi batekin eta ERCrekin hitzartu duten bide orriari atxikita izan beharko zuela.
«Ultimatuma» gaitzetsi dute
Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak, Ramon Espadaler Barne kontseilariak eta Josep Maria Pelegri Nekazaritza kontseilariak berehalakoan utziko dute Artur Masen gobernua. Hala erabaki zuen atzo arratsaldean Unioko zuzendaritza batzordeak, aldeko hamasei botorekin, kontrako hamarrekin eta bi abstentziorekin, «gure militantziaren gehiengoak adierazi zuenarekiko koherentziagatik eta denok ultimatum gisa ikusi dugunaren erantzun gisa», Espadalerrek zehaztu zuenez. Convergenciak baliatu dituen moduengatik minduta agertu da Unioko idazkari nagusia, aterabiderik ez diela utzi iritzi baitio, eta «elkarrizketa gehiago» ez izatea gaitzetsi du.
Kataluniako Gobernuan izan dituzten hiru kontseilariez gain beste goi kargudunek ere ardurak uztea erabaki du Uniok. Eta Ortegak lehen lerroko politika utziko duela ere aurreratu dute. Baina alderdi demokristauko sektore kritikoak —ekainaren 14ko barne bozketan militanteen %46,7k zuzendaritzaren proposamenaren kontra bozkatu zuten— ez du Unioko buruzagien erabakia onartu, eta Generalitatean dituzten karguei eusteko asmoa agertu dute.
Antoni Castellak adierazi du «oso larria» iruditzen zaiola Unioko zuzendaritzak Kataluniako Gobernua uztea erabaki izana. Artur Mas estu hartzeko asmoa ikusi du erabaki horretan Unioko sektore kritikoko kideak, «independentziarekin daukan konpromisoa utz dezan».
Uniok ezohiko batzar bat egitea ere eskatu du Castellak, argitzeko ea alderdia independentziaren alde dagoen eta irailaren 27ko bozetan Convergenciarekin joan nahi duen. «Uniok gobernua utzi du, ez duelako hauteskunde programa batean independentziaren alde agertu nahi», erantsi du.
Castella bera eta Carles Sala, Unioko sektore independentistaren izenean, subiranotasunaren aldeko elkarte zibilekin bildu ziren atzo, bide orriarekin bat egiteko aukera negoziatzen hasteko. ANCko Jordi Sanchezek, Omnium Culturaleko Muriel Casalsek eta AMIko Josep Maria Vila d'Abadalek hartu zituzten.
Masen inguruko iturrien arabera, Uniok Kataluniako Gobernuan utziko dituen hutsuneak alderdi bereko sektore kritikoko ordezkariekin bete nahi ditu Generalitateko presidenteak, Vilaweb egunkariak atzo argitaratu zuenez. Convergenciaren zuzendaritza batzordean argitzekoa zuten puntu hori, bart gauean.
CiUren haustura gauzatu aurretik, eta atzo goizean Kataluniako Parlamentuan osoko bilkura zutela baliatuta, Convergenciak eta Uniok bilerak izan zituzten bakoitzak bere aldetik. CDCko aldetik Mas, Jordi Turull, Josep Rull eta Lluis M. Corominas batzartu ziren, eta, UDCren aldetik, berriz, Espadaler, Ortega eta Toni Font. Ondoren, bi alderdietako kideen arteko hartu-emanak ere izan zituzten, baina ez dira gauza izan jarrerak hurbiltzeko.
Larunbatean, bi hitzordu
Convergencia eta Unioren arteko etena larunbatean ofizialduko da, UDCk Kontseilu Nazionala bilduko baitu, eta pentsatzekoa da alderdiko koadroek zuzendaritzak atzo hartutako erabakia berretsiko dutela. Bestalde, egun berean, Artur Mas presidenteak jendaurreko ekitaldi bat dauka Molins de Rein, eta han argituko du I-27ko hauteskundeei begira duen estrategia. Larunbateko ekitaldira CiU barneko gatazka konponduta iritsi nahi du Masek, eta ekitaldi horren hurbiltasunak azaltzen du Convergenciak Uniori hiru eguneko epea eman izana independentziari buruzko jarrera argitzeko. I-27ari begira nahasmendua eragin zezakeen oro argitzea nahi zuen Masek, prezioa CiU haustea izanda ere.