COP25-eko leihotik

COP25 goi bilera akordiorik gabe oraindik

Carolina Schmidt goi bilerako presidenteak beste dokumentu bat aurkeztu du goizean, baina Brasilek eta Saudi Arabiak dagoeneko esan dute ez dela haien gustukoa. 

inaki petxarroman
2019ko abenduaren 13a
15:37
Entzun

Negoziatzaileek beste saialdi bat egingo dute gaur goizean, akordioa lortu ahal izateko, eta, hori erdiesteko asmoz,Carolina Schmidt goi bilerako presidenteak beste dokumentu bat aurkeztu die herrialdeei. Parisko Hitzarmeneko 6. artikuluari egiten zaio aipamena testu horretan, karbonoaren merkatua (isurketen salerosketa) arautzeari, hain zuzen, eta justu horixe ari da izaten eztabaidagune nagusia Madrilgo COP25 goi bileran.

Gauean ere aritu dira akordio bat lortzeko lanetan, baina ez dute adostasunik lortu oraingoz. «Gutxieneko» adostasuna dute helburu, Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberaren esanetan, etabaliteke asteburura arte itxaron behar izatea. «Beste negoziazio batzuekin lotuta daudelako adostasunetara iristea ezinezkoa den elementuak kontuan izan behar dira, eta zerbait emateko aukera dutenak identifikatu», gehitu zuen atzo ministroak.

Beraz, ez dira oso albiste onak Madrildik iristen direnak, Parisko Akordioa martxan jartzeari dagokionez. 2020ak izan behar du adostutakoa betetzen hasteko urtea, Glasgowko goi bilerara begira, baina ez da halako asmorik ikusi. Negoziazioak asko katramilatu dira, bai alor teknikoetan eta bai politikoetan. Besteak beste, zehaztu gabe geratu dira herrialde pobreenek jaso beharreko diru funtsa eta isurketen salerosketen etorkizuna, besteak beste.

Herrialderik boteretsuenek ez dute adierazi Parisen erakutsitako asmo onik, eta akordio bat lortzearen aurkako jarrerak ikusi dira. Horietako batzuk dira Brasil, Australia eta Saudi Arabia. Azken hilabeteetan suteak izan dira protagonista lehen bietan. Ondorioz, ez da bide itxaropentsua klima larrialdiari aurre egiteko bidean.

Oso ezberdina izan da COP25en beste aldea, gizarte mugimenduak protagonista izan dituena. Inoiz baino ekitaldi gehiago izan dira bertan, eta inoiz baino ozenago oihukatu da aldaketa bat behar dela. Sistema produktibo kapitalistak sortutako arazotzat hartu da hor nagusiki klima aldaketa. Horrek beste aldearekin talka egiten du, erregai fosilen ustiaketaz arduratzen diren enpresekin eta horien interesak defendatzen dituzten estatuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.