COP25

COPeko leihotik: negoziazioen egoera

Hitzaurre eta solasaldi artean, negoziazio betean dira mundu osoko herrialdeetako ordezkariak. Aurrera begirako akordioak lortzea dute helburu.

inaki petxarroman
2019ko abenduaren 11
15:54
Entzun

Erakunde eta norbanako ugarik eginiko hitzaldi eta solasaldiz beteta dago COP25 goi bilera, Madrilen. Klima aldaketari aurre egiteko neurriak, ordea, beste leku batzuetatik iritsiko dira, estatuetako delegazioek lor ditzaketen akordioetatik. Datorren urtean martxan jarriko da Parisko Hitzarmena, eta hori inplementatzeko ezinbestekoa da egun hauetan martxan diren negoziazioek euren fruitua ematea.

Egun hauetako negoziazioak bi atal nagusitan bana daitezke: politikoak eta teknikoak. Akordio politikoek isurketen murrizketa handiagoak dituzte helburu. Izan ere, estatuek Parisen ezarri zituzten kuotak ez dira nahikoa. Neurri horiekin, saihetsezina da planetako tenperatura 3,2 gradu zentigradu igotzea. Hori jakina da.

Negoziazioen traba nagusiak, ordea, alor teknikoan daude. Herrialde pobreenei 100.000 milioi euroko funtsa ematea adostua zegoen, klima larrialdiari aurre egiteko. Badirudi, ordea, herrialde boteretsuenek ez dutela benetako konpromisorik adierazi hori aurrera ateratzeko. Bestalde, akordioko 6. artikulua ari da buruhauste nabarmenak ematen. Isurketak arautzeaz arduratzen da, eta, hor barruan, baita isurketa eskubideen merkatuaz ere. Izan ere, isurketa eskubideak eros daitezke. Kyotoko Protokoloaren arabera, esaterako, Kanadako enpresa batek baimendua dagoen baino isurketa gehiago egin ditzake, munduko beste eremu batean baso bat landatzen badu. Askoren ustez, baimendua dagoen baino isurketa gehiago egitea errazten du horrek, eta gehiegizko isurketak garestitzea aipatu dute zenbaitek.

Puntu horietan adostasunak lortzeko, ostiralera bitarteko tartea izango dute estatuetako ordezkariek. Zuhur jokatzen ari dira asko, akordioak noraino iritsiko diren esperoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.