37 dira akusatuak Gurtel auzian, eta deklaratzeko eguna zuen gaur Francisco Correak, legez kanpoko komisioak jasotzeko sarearen ustezko buruak. Haren aurkakoa da zigor eskaririk handiena: 125 urte.
Aho bizarrik gabe hitz egin du epailearen aurrean. Aitortu du kontratu publikoak lortzearen truke legez kanpoko komisioak jasotzen zituela eta politikari ugariri zati bat ematen ziela. Esaldi bakarrean laburtu du Correak zenbaterainokoa zen PPren eta bere arteko jarduna: "Genova [PPren egoitza dagoen kalea] nire etxea zen. Bertan ematen nuen nire bulegoan baino denbora gehiago".
PP ere bai, baina ez soilik PP. Alderdi gehiago ere nahasi ditu Correak jarduteko modu horretan, nahiz eta ez duen beste izenik eman: "Hau ez zen soilik PPrekin egiten, edozein alderdirekin egiten zen. Hau [Espainiako] herrialdearen ohiko praktika izan da".
Prozedura osoa zehaztu dio Correak epaileari, Alfonso Garcia Pozuelo enpresariaren kasua aipatuz: "Berak komisio bat ematen zuen; nik zati bat gordetzen nuen, eta beste zati bat Luis Barcenasi [PPko diruzain ohiari] ematen nion. Baina hori ez zen soilik Alfonso Garcia Pozuelorekin gertatzen, enpresari ugarirekin baizik". Correak berak ematen zien dirua eskura politikari ugariri: Alderdiekin harreman zuzena nik baino ez dut eduki. Politikariekin biltzen nintzen, eta gutuna ematen nien".
Atal ugaritan bereizita dago auzia; Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari direnak 1999 eta 2005 arteko jarduna du aztergai, eta 37 dira akusatuak; tartean, PPko alkate eta kontseilari ohi ugari. Hilabete ugari iraungo du epaiketak.