Mundua

Correa irabazle Ekuadorren, bigarren itzulia behar izan gabe

Botoen %70 zenbatuta dutela, gaurko presidenteak %51ko babesa lortu du hauteskundeetan. "Herritarren iraultza bideratzen" segitu nahi du. 2006tik dago karguan. 1979tik beti bigarren itzulia egin behar izan zuten.

2009ko apirilaren 27a
16:48
Entzun
Botoen %70,36 zenbatuta dutela, Rafael Correa (Alianza Pais) jarduneko presidenteak irabaziko ditu berriz ere Ekuadorko hauteskundeak. %51,7ko babesa lortu du orain arteko datu ofizialen arabera. Hala, ez dute bigarren itzulirik egin beharko; 1979tik beti egin izan dute, aurreneko bueltako emaitzek hala behartuta.

"Herritarren iraultza bideratzen" segitu nahi duela adierazi du Correak, "behartsuenei bizitza duina eskaintze aldera".



2006an hartu zuen kargua, eta iazko irailean Konstituzio berria onartzeko erreferendumeko emaitzak indarra eman zion, %65ek onartu zutelako XXI. mendeko sozialismoa-ri ateak irekiko dizkion testua.

Lucio Gutierrez (SP Gizarte Patriotikoa) oposizioburu eta presidente ohia doa bigarren tokian, %27,9rekin. Gutierrezek 2002an irabazi zituen bozak, ezkerreko plataforma baten sostenguarekin, eta %60 baino gehiagok egin zuten haren alde, gizarte arazoei eta batez ere pobreziari aurre egingo ziola sinestuta. Baina kanpo zorra ordaintzeko nahiak barnekoa handitu zuen; AEBekin harremanak sendotu zituen, eta giroa nahastu samar zegoela, herritarren matxinada eragin zuen, Abdalan Bucaram Zoroa eta Gustavo Noboa presidente ohiak ustelkeria akusazioetatik errugabetzat jo zituenean. 2006an Correak hauteskundeak irabazi zituen.

Hirugarren tokian Alvaro Noboa (PRIAN) magnatea doa (%11,6), laugarren Martha Roldos sozialista (%4,5). Beste lau hautagaiek %1,6tik behera lortu dute.

Presidenteaz gainera, presidenteordea, Batzar Nazionaleko ordezkariak, probintzietako gobernadoreak eta udaletako zinegotziak aukeratzeko bozak egin zituzten atzo. 10,5 milioi herritarrek zeukaten botoa emateko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.