Lucio Gutierrezi ia 25 puntuko aldea atera dio bozetan Correak. Hartara, ez da ekainaren 14rako iragarrita zegoen bigarren itzulia egingo. Gehiengo osoa lortzea -botoen erdia gehi bat- edo botoen %40 lortuta bigarren hautagai bozkatuenari hamar puntuko aldea ateratzea; horiexek ziren bigarren itzulia ez egiteko baldintzak. Eta Correak biak lortu ditu.
Botoen %70 zenbatuta argitara emandako datuen arabera; bozen %27,9 eskuratu ditu Gutierrezek. Alvaro Novoak, berriz, %11,6ko babesa izan du. Gutierrez Ekuadorko presidente izan zen (2003-2005), baina bera ere, aurreko bi presidenteen moduan, herri matxinada baten ostean utzi behar izan zuen agintea. Agintaldi osoari eustea ezohikoa da Ekuadorren: Correa kenduta azken zazpi presidenteetatik bakar batek ezin izan dio eutsi lau urteko agintaldiari. Gutierrezek emaitzak baieztatzekotan, oposizio «eraikitzailea, sendoa eta duina» egingo duela iragarri du.
Aurkariei alde zabala ateratzeaz gain, babes eskasa izan ohi duen eskualdeetan ere gailendu da oraingoan presidentea. Guayaquilen, esaterako, botoen %41,7 eskuratu zituen, eta oposizioko hautagaiari hamar puntuko aldea atera zion. Amazonian bakarrik gelditu da Gutierrezen atzetik Correa.
Bozen aurreneko emaitzak jakinarazi eta berdez jantzi zen igande iluntzean Ekuador. Quito hiriburuan eta hiri nagusietan egin ziren ospakizun ekitaldiak; bereziki, Guayaquilen. Correa hiri hartara joan zen eta han egin zituen adierazpenak.
«Herritarren iraultza» bideratzen jarraitu nahi duela eman zuen aditzera, «behartsuenei bizitza duina eskaintze aldera».
Historia aldatzeko hitza
Correak 2006ko abenduko bozen ostean lortu zuen presidentetza -2007ko urtarrilean egin zion zin karguari-. Orduan abiatutako «herritarren iraultza» sendotzeko, konstituzio berri bat idatzizuen presidenteak, eta iazko iraileko erreferendumean botoen %74 eskuratu zuen itunak. XXI. mendeko sozialismoari ateak ireki zizkion testuak, eta hori aurrera eramatea izango da orain haren erronka nagusia. «Gure konpromisoa historia aldatzea da, herritarren historia; eta ukatu zizkieten hezkuntza eta osasuna euren eskura jartzea; betiko gezurtien amarruetan berriz eror ez daitezen».
Batzar Nazionaleko kideak, gobernadoreak, alkateak eta zinegotziak ere aukeratu behar izan zituzten herritarrek igandean, presidenteaz gain. Hamar milioi herritar zeuden deituta bozkatzera -derrigorrezkoa da boza- , eta horietatik hiru milioik atzerrian eman zuten boza. Batzar Nazionaleko emaitzak ez dituzte ezagutarazi oraino.
Soslaia
Rafael CorreaEzkertiarra, kristaua eta humanista
Haurtzaro gogorra izan zuela esaten du Rafael Correak, eta bizitzan izan duen garapena eta aldaketa nahi dituela bere herriarentzat. Alegia, pobre izanda ere ikasteko aukera izan zuen, eta horri esker bizitza duina egiteko aukera. Bere gobernuak bultzatu duen Konstituzio berriaren aldaketetako bat heziketari dagokiona izan da: 15 urte artean eskola derrigorrezkoa ezarri dute.Herritar xumeenen artean duen ospe ona eta oposizioarekiko jarrera gogorra nabarmentzen diote ezagutzen dutenek. Bere burua «kristau humanista ezkertiar» gisa definitzen du, eta bat egiten du Latinoamerikan abian jarritako XXI. mendeko sozialismoa ideiarekin. Inbertsio soziala, politika ekonomiko nazionalista, eta neoliberalismoaren kontrako erabakiak izan dira, besteak beste, bere gobernuaren egitekoak.
1963an jaio zen Guayaquilen, eta Galo Naula bere amaren lagunari esker ikasi ahal izan zuen. Naula Sustapenerako Banku Nazionaleko arduraduna da gaur egun.Lehen mailako ikasketak egin ondoren, beka bat lortu zuen Guayaquilgo Santiago Unibertsitate Katolikoan ikasteko. Ekonomian lizentziatu zen 1987an. Ondoren Ekuadorko Zumbahua eskualdean misio salestar batean egin zuen urtebete, indigenak alfabetatzen eta mikroenpresak sortzen laguntzen. Han ikasi zuen dakien kitxua apurra. Belgikan eta AEBetan ere egin ditu ekonomia ikasketak.
Lucio Gutierrez presidente ohia eta militarra kargutik kenarazi zuen herri mugimenduan parte aktiboa izan zuen 2005ean, eta presidentetzarako hautagai izan aurretik Ekonomia ministroa izan zen Alfredo Palaciosen gobernuan.
2007. urteko urtarrilean hartu zuen presidente kargua hilabete lehenago bozak irabazita, eta ustelkeriari aurre egiteko hainbat batzorde sortzea izan zuen lehen eginbeharretako bat.
Herritarren sostengu handia lortu du oraingo presidentetzarako hauteskundeetan ere, baina hainbat ekologistaren etaindigenen kritikak jaso ditu azken aldian; haienarabera, meatze eta petrolio politikak ez duelako ingurumena errespetatzen. «Matxista, arrazista eta paternalista» izatea leporatu dioteberriki Ekuadorko Indigenen Konfederazioko Foroan.
Katolikoa da, eta abortoaren eta homosexualen ezkontzen eta adopzioen kontra dago. Ezkondurik dago, eta hiru seme-alaba ditu.AMAGOIA MUJIKA