Maria Dolores de Cospedalek Pablo Ruz epailearen aurrean deklaratu du, Auzitegi Nazionalean. Uztailaren 15ean PPko diruzain ohi Luis Barcenasek PPren egungo idazkari nagusiaren aurka esandakoak argitzeko deitu zuen Ruz epaileak deklaratzera Barcenas auzian, lekuko gisa.
Ruz epaileak deklaratzera deitu zuenean, Cospedalek baieztatu zuen "egia esatera" eta "kalumnia eta gezur guztiei erantzutera" joango zela Auzitegi Nazionalera. Bertan bi ordu eta erdiz izan da deklaratzen, eta epaileari baieztatu dio PPk ez duela bigarren kontabilitaterik. Horrez gain, esan du ez duela gainsoldatarik jaso, eta Arenas eta Alvarez-Cascosek atzo egin bezala, Cospedalek ere enpresarien aparteko diru sariak kudeatzea diruzainaren lana dela baieztatu du. "Kontu Auzitegian jasotako kontabilitatea soilik ezagutu dut nik, ez besterik", baieztatu du Cospedalek. Idazkari nagusiaren arabera, 2008ko ekainean kargua hartu zuenetik ez da gainsoldatarik izan PPn, eta lehenago izan zirelako berririk ere ez duela gaineratu du.
Idazkari nagusiek eskuak garbitu dituzte
Barcenasek baieztatu zuen Cospedalek 90.000 euro jaso zituela guztira, Rajoyrekin batera, 2009an eta 2010ean beltzean jasotako bi diru kobraketaren bidez. PPko diruzain ohiaren arabera, diru hori hainbat enpresarik PPri eginiko ekarpenetatik atera zuen: edozein kasutan, horietako "bat bera ere" ez da izan adjudikazio publiko baten trukean jasotakoa, bat salbu —Sacyr enpresako presidente ohi Luis del Riverok emandako 200.000 euro—. Azken hori 2007koa da, eta, Barcenasen arabera, Cospedali eragiten dio zuzenean, ustez haren aldeko hauteskunde kanpaina finantzatzeko erabili baitzen. Barcenasek Ruz epaileari emandako dokumentuen artean bazegoen ordainketa horri erreferentzia egiten zion hartze-agiri bat.
Cospedalek, atzo Arenas eta Alvarez-Cascos PPren idazkari nagusi ohiek egin bezala, dena gezurtatu du. Atzo, baina, izan zen Barcenasen akusazioak onartu zituenik: PPren kudeaketan Barcenas ordezkatu zuen Cristobal Paezek aitortu zuen Barcenasen paperetan berari buruz esaten zena egia dela: hau da, 2007ko apirilean eta 2008ko ekainean bi kobrantza jaso zituela —guztira, 12.000 euro—.