Italiako Gobernuak jakinarazi du Costa Concordia itsasontziaren hondoratzea hasi dela "ingurumen kaltea" sortzen. Transatlantikoak ostiralean izan zuen ezbeharra, Giglion. 2.380 tona erregai ditu eta, isuria balego, erregaia Tirrenoko kostalde osora zabalduko litzatekeela ohartarazi du Corrado Clini Ingurumen ministroak.
Gobernuaren arabera, bi eta sei asteren artean beharko dituzte erregai guztia ateratzeko.
Orain arte 11 lagunen gorpuak aurkitu dituzte. Ontzian zihoazen beste 24 pertsona galduta daude. Guztira 4.229 pertsona zeuden.
Francesco Schettino Costa Concordia-ko kapitainak atxilotuta segitzen du, eta atzo izan zen epailearen aurrean. Homizidioa, hondoratzea eta itsasontzitik arriskuan zeuden bidaiariak ateratzea lortu aurretik alde egin izana leporatzen diote.