O Bahia arrantza-ontzian zihoazen 10 marineletatik bosten gorpuak aurkitu zituzten atzo salbamendu taldeek. Beste bostak desagerturik zeuden lerrook idazterakoan. Herenegun iluntzean hondoratu zen ontzia, Costa da Morten (Heriotzaren Kosta), Sisargas uharteetatik lau milia ipar-mendebaldera.
Hauexek dira atzemandakoak: Jaime Miguelez, Hermindo Castro, Antonio Sanchez guztiak Redondela herrikoak, Manuel Refojos (Panxongoa) eta Enrique Diaz (A Calizakoa). Desagertuak, aldiz, Leopoldo Couto, Antonio Dominguez, Luis Monteagudo, Jose Antonio Andreu eta Juan Antonio Cordeiro dira. Ezbeharrak bortizki astindu ditu arrantzaleen jatorrizko herriak, Ponteve-drako probintziako itsaser-tzean.
Galiziako agintariek adierazi dutenez, oraindik ez dakite zergatik hondoratu zen, baina itsaso txarrarekin lotura izan dezakeela aurreratu dute. Hondoratutako eremuan eta orduan olatuak zazpi metrokoak zirela jakinarazi zuten.Ontziak herenegun iluntzeko 20:33ean hondoratze seinalea igorri zuen, bere baliza irratitik. O Bahia ontziak bost urte zituen, eta Cambados hirian zuen portu basea. 18 metro luze zituen, eta antxoaren kosteratik zetorrela hondoratu zen, Euskal Herritik zetorrela hain justu. Azken geldialdia Burelako portuan egin zuen (Lugo).
'Prestige'-ren galipota garbitzeko lanetan aritua
Atzo, salbamendu taldeek bilaketa lanetan segitzen zutelarik, hainbat agintari, senide, herrikide eta lagun agertu ziren Pontevedrako probintziako ospitalera. Hildakoen bost senide artatu behar izan zituzten ospitalean, nerbiotakoak jota.
Galiziako Xuntak, iragarri zuenez, Osasun Kontseilaritzako psikologo talde bat jarri zuen biktimen senideen eskura.Ospitalera Vigoko Kofradiako patroi nagusia eta haren ondokoa ere agertu ziren. Biak hunkituta eta harrituta azaldu ziren. O Bahia-ko patroi Hermindo Castrorekin ondoz ondo nabigatu izandako uneak gogoratu zituzten. Itsaso txarra zegoela esan zuten biek; baina, zehaztu zutenez, «askoz ere egoera okerragoetan» ibiliak ziren itsasoan eta O Bahia ontzia ezin hobeto zegoen: «Guztiari aurre egiten zion».
Prestige petroliontziak Costa da Morten 2002ko azaroan istripua izan ondoren isuritako fuel olioa biltzeko lanetan parte hartu zuen O Bahia-k, beste hainbat ontzik bezala.Ezbeharrak alderdi politikoen kanpainan ere eragin du, eta alderdi gehienek bertan behera utzi zituzten beren ekitaldiak.
LAN ISTRIPUA. GALIZIA
Costa da Morten itotako bost arrantzale aurkitu dituzte
'O Bahia' ontzia herenegun hondoratu zen, Sisargas uharteetan; beste bost marinel falta dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu