Costa Rica

Costa Ricak arau bat onartu du abortu terapeutikoaren legea betearazteko

Abortua legezkoa izango da soilik emakumearen osasuna arriskuan dagoenean, bortxaketa kasuetan eta umekiak malformazioren bat duenean.

Abuztuan egin zuten manifestazio bat, abortu terapeutikoren araua sinatzeko eskatzen Costa Ricako presidenteari. JEFFREY ARGUEDAS / EFE
2019ko abenduaren 13a
15:47
Entzun

Abortu terapeutikoaren legea betearazteko araua onartu dute Costa Rican. Horren arabera, kasu gutxi batzuetan soilik izango da legezkoa abortua: emakumearen bizitza eta osasuna arriskuan daudenean, bortxaketa kasuetan eta umekiak malformazioren bat duenean. Costa Ricako presidente Carlos Alvaradok azaldu duenez, duela ia 50 urtetik legezkoa da abortu terapeutikoa, baina orain arte ez da aplikatu, osasun zentroetako «arau faltagatik».

Halere, Daniel Salas Osasun ministroak jakinarazi du baldintza batzuk bete beharko dituztela horretarako. Abortu terapeutikoa egingo da beste irtenbiderik ez dagoenean. Horrez gain, hiru eguneko epean hiru medikuk baloratu beharko dute, eta hirurek abortatzeko baimena eman. Alejandra Acuña Osasun ministrordeak esan du ez dagoela denbora mugarik haurdunaldia eteteko. Arauak, gainera, «arrazoi etiko, moral eta erlijiosoengatik» aborturik ez egiteko «medikuen eskubidea» jasotzen du. Sei hilabeteren buruan jarriko dute indarrean araua.

Azken urteetan salaketa iturri izan da abortu terapeutikoa erregulatzeko arau falta. 2007 eta 2012 urteetan, bi emakumek arazoak izan zituzten haurdunaldian, umekien malformazioengatik. Abortu terapeutikoa legeztatuta bazegoen ere, biei debekatu egin zieten abortatzea. Emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen aldeko erakundeek salatu zuten emakumeek ondorio fisiko eta psikologikoak izan zituztela, eta gobernuari eskatu zioten neurriak hartzeko.

Gainontzeko kasu guztietan abortua debekatuta dago Costa Rican, eta kartzelarekin zigortzen da. Beraz, emakume askok beste bide batzuk erabiltzen dituzte abortatzeko. Datu ofizialak eskasak dira; azken ikerketa 2007 eta 2008 artean egin zuen Costa Ricako Demografia Elkarteak (ADC), eta ondorioztatu zuen urtean 27.000 emakumek abortatzen dutela. Horietatik %20k ospitalera joan behar izaten dute, abortuak eragindako osasun arazoengatik. Datuen arabera, 2017an 25 ospitaleratze izan ziren abortu naturalen eraginez, eta beste 2.128 «zehaztugabeko» abortu bukatugabeengatik.

Herritarren gehiengoa abortu terapeutikoaren alde dago, baina ez abortu librearen alde. Costa Ricako Unibertsitateak (UCR) 2018an argitaratutako ikerketa baten arabera, herritarren %57 ados daude haurdunaldia etetearekin emakumearen bizitza arriskuan egonez gero, eta ia %50 andrearen osasuna arriskuan badago. Abortu librearen kasuan, ordea, soilik %11 daude alde. Viviana Guerrero UCRko ikerlari eta filosofoak azaldu zuen inkestak erakusten duela emakumeen aldeko mugimenduek eta antolakunde feministek azken urteetan izan duten eragina iritzi publikoan. Abortuaren kontrako iritzia dute eliza katolikoak eragin handiena duen sektoreek batez ere.

Argentinan protokolo berria

Argentinan ere abortua delitua da, kasu batzuk salbuetsita: bortxaketa kasuak eta emakumearentzat arriskua dagoen kasuak. Gobernuak gaur aurkeztu du legezko abortuetan egin beharreko protokoloa. Gines Gonzalez Argentinako Osasun ministroak azaldu duenez, Mauricio Macriren gobernuak deuseztatu zuen proiektua «eguneratzea» izan da helburua. Izan ere, legeak erregulazio falta zuen, eta mediku batzuk epaitegietara deitu dituzte azken hilabeteetan abortatzea egotzita, nahiz eta legeztatuta egon. Protokolo berriak hori saihestu nahi du. Gonzalezek dio «osasun gida» izango dela: «Osasun tresna bat ematen ari gara, legea betetzeko ez ezik, pertsonen eskubideak errespetatzeko ere bai».

Latinoamerikako herrialde ia guztietan debekatuta dago abortua. Erabat debekatuta dago Txilen, El Salvadorren, Hondurasen, Nikaraguan eta Dominikar Errepublikan, «mugako legezko egoeretan salbu». Emakumearen bizitza arriskuan egon ezean, espetxe zigorra jartzen da Guatemalan, Panaman, Paraguain, Venezuelan eta Mexikon. Soilik legezkoa da osasun fisiko eta mentala arriskuan dagoenean eta bortxaketa kasuetan, Argentinan, Bolivian, Kolonbian, Ekuadorren, Perun eta Uruguain. Arrazoi sozioekonomikoengatik legezkoa da Belizen. Kuban eta Puerto Ricon baimenduta dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.