Mundua

Costa Rican lurrikara batek hamalau hildako eragin ditu

22 pertsonek desagerturik jarraitzen dute eta 2.450 zuzenean kaltetuak izan dira. Luizien ondorioz, eremu batzuk inkomunikaturik daude.

2009ko urtarrilaren 9a
18:54
Entzun
Atzo 6,2 graduko (Richter eskala) lurrikara izan zen Costa Rican. Gutxienez 14 hildako izan dira eta 22 pertsona desagerturik daude. Gainera, 2.450 pertsona zuzenean kaltetu ditu gertaturiko lurrikarak. Gurutze Gorriak emandako datuak dira horiek.

Laguntza taldeak kalte gehien pairatu duten eremura iristen ahalegintzen ari dira azken orduetan. Izan ere, luizien ondorioz errepideak eta bideak blokeatuak geratu dira eta, horrenbestez, eremu batzuk inkomunikatuak jarraitzen dute. 1.244 pertsona inguru isolatuak daude.

Segurtasun ministro Janina Del Vecchiok jakinarazi duenez, Gobernuak eremurik kaltetuenetara iristea lehenetsiko du, arrapaturik geratu diren pertsonak eta zaurituak salbatzeko. Oraindik ez dago jakiterik egoera horretan zenbat dauden. AEBetako ejertzitoko bi helikopterok Costa Ricako salbamenduan parte hartuko dutela jakinarazi dute.

Poas sumendiaren inguruan ari duen langarrak salbamendu helikopteroen lana zailtzen ari da. Nolanahi ere, Poas eta Vara Branca komunitateetako biztanleak ateratzeko lan egingo dutela jakinarazi dute gobernuko ordezkariek. Komunitate horiek dira kaltetuenak.

Oscar Arias presidenteak gaur bisitatuko du kaltetutako eremua, nazio mailako larrialdi egoera izendatuko duela espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.