krisi politikoa italian

Cottarellik onartu egin du gobernua osatzea

Sergio Mattarella Italiako presidenteak eman dio egitekoa. Carlo Cottarelli Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohiak adierazi du eratzen duen gobernuak parlamentuaren konfiantza ez badu hauteskundeetara deituko duela irailean.

Sergio Mattarella Italiako presidente eta Giuseppe Conte lehen ministrogaia, atzo egin zuten bilkuran. GIANDOTTI, EFE
2018ko maiatzaren 28a
07:16
Entzun

Cottarellik konpromisoa hartu du Italian gobernua osatu eta 2019an hauteskunde berriak egin arteko gobernu programa osatzeko. Hala eskatu dio Mattarella presidenteak, eta hari aurkeztuko dio gobernu eta programa proposamena. Hala ere, ohartarazi du bere gobernuak parlamentuaren babesa ez baldin badu dimisioa aurkeztuko duela eta hauteskundeetara deituko duela irailean.

Zaila dirudi Cottarelliren gobernuak parlamentuaren babesa izatea, Legak, M5Sk eta Silvio Berlusconiren Forza Italiak iragarri baitute ez dutela haren alde bozkatuko.

Cottarellik adierazi du bere gobernuak kontu publikoen kudeaketa "zuhurra" egingo duela, eta Europarekin "elkarrizketa eraikitzailea" abiatzearen alde agertu da. Herrialdeak euroan jarraitzea ezinbesteakoa dela ziurtatu du.

Mattarellak Cottarellirengana jo du, aurretik, Lega eta M5S alderdien gobernu osaketa atzera bota duelako. Presidenteak ez du onartu Paolo Savona euroeszeptikoa Ekonomia ministro izendatzea, hala egiteak herrialdeko ekonomian ezegonkortasuna eragingo duen beldur. Erabakiak krisi politikoa eragin du.

Egoera bideratzeko deitu du Matterellak Cottarelli. Bilera horren berria zabaldu ostean, Italiaren arrisku saria jaitsi egin da. Merkatuen erantzuna aldekoa izan bada ere, bestelakoa da politikan Mattarellaren erabakiak eragin duena.

Legak "onartezin" jo du Mattarellaren betoa, eta "demokraziaren kontrakoa" dela salatu du. Mattelo Salvini Legako buruak hauteskundeetara deitzea galdegin du. "Italiarrek izan behar dute erabakia; ez alemaniarrek, frantziarrek, portugaldarrek... Gobernu eraketa herritarrek erabakitzen dute". M5S ere ez dago Mattarellaren erabakia onartzeko prest, eta presidentea kargutik kentzeko ekinaldia aurkeztuko du gaur parlamentuan.

Gobernua osatzeko ardura zuen Guiseppe Conte bitartekari lanetan aritu da azken egunetan, alderdien eta presidentearen artean. Legak eta M5Sek, ordea, Savonaren hautagaitzari eutsi diote, eta hura ez onartzeko erabakia mantendu du presidenteak. Desadostasunak gainditu ezinik, Contek uko egin dio gobernua osatzeko egitekoari.

Mattarellak azaldu duenez, alderdiei eskatu die Ekonomia ministroa "gehiengoaren ordezkari" izatea, eta "Italia eurotik irtetea eragin dezakeen jarrera" ez duen hautagai bat aurkezteko galdegin die. Alderdiek Savonaren aldeko apustua berretsi ostean, Mattarellak nabarmendu du Italiako presidenteak duen ardurak ez duela "inposiziorik" onartzen, "eta are gutxiago Ekonomia Ministerioan".

Savonak 81 urte ditu, eta hainbatetan agertu da euroaren aurka. Beste hamabi ekonomistarekin batera, B plana eurotik irteteko gidaliburuaren egileetako bat da.

Mattarellak ohartarazi du Savona Ekonomia ministro izendatzeak merkatuak aztoratuko lituzkeela. "Arrisku saria egunero handitzen ari da, eta, ondorioz, zor publikoa. Horrek estatuaren gastu ahalmena murrizten du".

Hurrengo hilbeteetan hauteskundeetara deitzearen kontra agertu da presidentea. Italiak nazioarteko hainbat konpromiso garrantzitsu ditu datozen asteetan, eta herrialdeak horiek kudeatzeko gobernua behar duela uste du. Hori dela eta, Mattarellak gobernu teknokrata eratu nahi du, eta Cottarelli deitu du horretarako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.