cup-en batzarra

CUPek atzeratu egin du Masen inbestidurari buruzko erabakia

"Berdinketa zehatza" izan dela-eta, idazkaritzak ez du garaile bat izendatu. Urtarrilaren 2an ebatziko dute auzia, kontseilu politikoa bilduta. CUPen idazkaritzak eman dituen datuen arabera, 1.515na boto lortu dituzte Mas inbestitzearen aldeko zein kontrako azken bi proposamenek.  

CUPekoen batzarra, Sabadallen. ALBERTO ESTéVEZ, EFE
Samara Velte.
2015eko abenduaren 28a
13:19
Entzun

Hamabi orduko batzar baten eta hiru bozketaren ostean, CUPek ez du erabakirik hartu Artur Masen inbestidurari buruz. Datu ofizialen arabera, 1.515na boto lortu dituzte Mas inbestitzearen aldeko eta kontrako aukerek; "enpate teknikoa" aipatu du Anna Gabriel diputatuak. Astebururako deitu dute kontseilu politikoa, eta han ebatzi nahi dute auzia.

Bitartean, kontsulta saio bat abiatuko dute lurraldekako eta herri mailako batzarretan. "Berdinketa ikusirik, dauzkagun mekanismo guztiak zabalduko ditugu beste bozketa bat egiteko lurralde eta herri mailako batzarretan", arrazoitu du CUPen idazkaritzak orain zabalduko duten fase berria. Antonio Baños parlamentariarentzat "erronka politiko bat" izango da, "aritmetika hutsaz harago". Tarte horretan JxSik beste proposamen bat egin dezakeela edo geldirik gera daitekeela ohartarazi du Anna Gabirelek.

Azken eta hirugarren bozketan enpatea izan delako gelditu da gaurko batzarra erabakirik hartu gabe. Aurretik, oso alde txikiarekin, bi bozketetan Artur Mas ez inbestitzeko aukerek lortu dute boto gehien. Bigarren itzulian botoen %49,8rekin inbestiduraren aurkakoak nagusitu dira. Akordioaren aldeko aukerak 20 boto gutxiago jaso ditu. Bigarren bozketarekin atzera bota dute akordioari ezetz esan arren Masen inbestidura babestearen aukera.

Lehen bozketan, berriz, akordioa ukatu eta negoziatzen segitzeko aukera baztertu dute. Oso estua izan da Mas zein akordioaren aldekoen eta akordioaren nola Masen inbestiduraren kontrakoen aldea:

.

Lau aukeren artean erabaki behar  zuten CUPeko militanteek; Junts Pel Siren proposamena zein Masen inbestidura babestu; akordioari ezezkoa eman eta beste hautagai bat bilatzeko negoziatzen jarraitu; proposamena ez babestu arren, Masen inbestidurari bide eman; eta azkenik, inbestiduran abstenitu, eta beraz, hauteskundeak berriro egitea onartu.

CUPeko militante ugarik hartu dute parte batzarrean eta bozketan; 3.500 lagunek baino gehiagok eman dute izena (gaur ere zabalik eduki dute izena emateko epea). Militanteek eurek goizean gehiengoz erabaki dute bozketa sekretua izatea. 

Urtarrilaren 10era arteko epea du Kataluniako Parlamentuak gobernu baten osaera babesteko, eta praktikan CUP da gobernu independentista bati bide eman diezaiokeen bakarra: gainerako alderdiek ez lukete babestuko helburutzat estatu berri bat duen aginte baten inbestidura. Urtarrilaren 10erako gobernu akordiorik ez badago, martxorako hauteskundeetara deitu beharko du derrigorrean presidenteak.

Egoera horretan, posizio deserosoa egokitu zaio CUPi (10 diputatu ditu): Junts Pel Sik espero baino parlamentari gutxiago dituenez gero (62), ez da aski bere abstentzioarekin hark gobernua osatzeko. Gutxienez bi boto eman behar lituzke alde, eta auziak arrakala sakona zabaldu du ezker independentistaren barruan. Sektore batek traiziotzat dauka Mas presidentzian mantentzea, eta ez du sinesten aldaketarik posible denik hura kendu ezean. Beste sektore bat prest legoke Mas mantentzeko, trukean gobernuak konpromiso sozial argiak hartzen baditu.

Hain zuzen, Junts Pel Sik eduki sozialez beteriko akordio proposamena egin dio CUPi. Proposamenaren arabera, Kataluniako Parlamentu berriak azaroaren 9an onartutako adierazpen independentista izango litzateke gobernu berriaren oinarri nagusia.

Tentsioa agerian geratu zen azaroan, CUPek Manresan (Bartzelona) egin zuen batzar nazionalean. JPSren proposamenak neurri sozialen zerrenda luzea dakar, Convergenciako gobernu batetik nekez espero zitekeena eta CUPen sektore pragmatikoagoak lorpentzat joko duena. Besteak beste, etxegabetzeak gelditzeko eta pribatizazioak eteteko konpromisoa hartuko luke gobernu berriak, eta indarrean jarriko lituzke Espainiako instituzioek baliogabetutako lege katalanak; tartean, energia pobreziaren aurkakoa. Neurri horien zati handi bat CUPek negoziazioetan egindako eskaeretatik dator, eta, indarrean sartuz gero, Kataluniako ezker independentistak instituzioetan inoiz izandako eragin handiena litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.