Katalunia

CUPek bi urte eman dizkio ERCri Madrilekin hasitako elkarrizketen emaitzak jasotzeko

Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketek 2023rako fruiturik ematen ez badute, «autodeterminazioranzko erasoaldi demokratiko berri bat» hasiko dute independentistek. 

Dolors Sabater, CUPeko diputatua. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 23a
13:55
Entzun

2023. urtea mugarri izan daiteke Kataluniako independentismoarentzat. ERCk eta CUPek sinatutako aurreakordioaren arabera, orduan erabakiko dute Espainiako Estatuarekin irekitako elkarrizketa mahaiak jarraipenik izatea merezi duen edo «autodeterminazioranzko beste erasoaldi demokratiko bati» ekin beharko dioten. Une hori iristen denerako, «zuzendaritza estrategikorako mahai bat» eraiki nahi dute bi alderdiek, gizarte mugimendu eta alderdi independentistak barruan hartuko lituzkeena. 

ERCk, beraz, bi urteko epea izango du berak bultzatutako bi aldeko elkarrizketen fruituak jasotzeko, CUPek emaniko denbora tarteari esker. Alderdia hark parte hartzeko modu bakarra, baina, mahai gainean autodeterminazioaren eta amnistiaren gaiak jartzea litzateke. ERCk, berriz, nabarmendu du ez dituela elkarrizketak «alferrik» luzatuko, eta emaitzen berri emango duela. Behin epea amaituta, elkarrizketaren bidea eten edo ez adostu beharko dute independentistek, agian, «amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko akordio nazional baten» bidez.

Elkarrizketa mahaia 2020ko otsailean eratu zuten, baina, COVID-19aren eraginez, ez da bilerarik egin azken urtean. Zaila dirudi, gainera, orain Espainiako Gobernuak erreferendum adostu bat egiteko aukera onartzea. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministro Jose Luis Abalosek atzo adierazi zuen hitz egiteko prest daudela, baina erreferenduma mahai gainean jarri gabe. 

Elkarrizketa mahaiaren jarraipena eztabaidatzearekin batera, 2023. urteko lehen erdialdean, konfiantza mozio bat igaro beharko du Pere Aragonesen balizko gobernuak. Hala, CUPek izango luke legealdia amaierara arte eramateko giltza. Trukean, «gobernantza erraztea» eta aurrekontuen egonkortasuna» bermatzea hitzeman du CUPek, betiere, adostutako puntuak betetzen badira. Horrez gainera, sinatu dutenaren arabera, alderdiak aurrerapauso bat emango du, orain arte izan duen rolarekin alderatuz gero. Besteak beste, etorkizunean Kataluniako Gobernuan sartzeko aukera irekita utzi du, «ulermen eta akordio mailaren, eta parlamentuaren eta gobernuaren agenda politikoaren arabera».

Gainera, CUPek eta ERCk Kataluniako Parlamentuaren «subiranotasuna bermatzeko» asmoz, diputatuen «eskubide material, zibil eta politikoak blindatu» nahi dituzte. Horrek bat egingo luke Borrasek parlamentuko presidente kargua hartzean eginiko hitzekin, eta, ondorioz, JxCren nahiekin. 

Hiru alderdien iritziak bestelakoak dira, ordea, independentismoa gidatu beharko lukeen erakundearen inguruan. ERCk eta CUPek bultza nahi duten «zuzendaritza estrategikorako mahaia» independentismoak bete beharreko bide orriaren estrategia eta balizko erreferendum bat prestatzeaz arduratuko litzateke. Hori ez litzateke bateragarria izango Carles Puigdemont presidente ohiak gidatzen duen Errepublikaren Kontseiluak egun duen rolarekin. Esquerrak adierazi du kontseiluak ezin duela Generalitatearen lana «baldintzatu», eta zuzendaritza hori zabaltzearen alde egin du. JxCk, baina, Puigdemontek eginiko lana babestu du. «Egiten duen bakarra konponbideak eta erantzunak ematea da, eta Katalunian bizitzen ari garen egoera nazioartera eramatea, herritarren babesarekin», azaldu du Borrasek.

Parlamentuko presidentea gaur hasi da talde parlamentarioekin biltzen: PPko, Ciutadanseko eta En Comu Podemeko eledunekin izan da eguerdian, eta CUPeko eta Voxeko kideekin elkarrizketatuko da arratsaldean. Bihar, berriz, JxCko, ERCko eta PSCko zerrendaburuekin bilduko da. Bilera errondaren ostean, ostegunean, presidente bilakatzeko «aukera gehien dituen» hautagaiaren izena emango duela adierazi du. Hala, negoziazioetan parte hartzen ari ez dela esan arren, uste du gehiengo independentistak lortuko duela akordioa: «Gehiengoak independentzia bozkatu zuen. Botoen %50 baino gehiago ordena honetan; ERC, JxC eta CUP. Alderdi horiek egin behar dutena akordio batera iristea da, eta legealdia bete».

Gauzak hala, CUPeko eta ERCko 42 diputatuen babesarekin —CUPeko militantziak ostegunera bitarte onartu beharko duena—, JxCko 32 botoak behar ditu Aragonesek presidente bilakatzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.