KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

CUPek ezezkoa eman dio Masen hiru presidenteordeko proposamenari

Generalitateko egoitzan bildu dira Artur Mas Junts Pel Si-ko hautagaia, Anna Gabriel eta Benet i Salellas CUPeko parlamentariak eta Oriol Junqueras eta Marta Rovira ERCko buruak. Gobernu kolegiatua proposatu du Masek; Junqueras, Romeva eta Munte lirateke presidenteordeak.

Benet Salellas, Anna Gabriel eta Antonio Baños, Kataluniako Gobernuko egoitzatik irten ondoren. ANDREU DALMAU / EFE
2015eko azaroaren 11
07:35
Entzun

Astearteko inbestidura saioan Artur Masek Kataluniako Gobernuko presidente izateko adina boto lortu gabe geratu ostean, bigarren bozketa egingo dute ostegunean Kataluniako Parlamentuan. Bigarrenean, Masek ez du gehiengo osoa beharko —68 parlamentari—, gehiengo soila baizik —baiezkoak ezezkoak baino gehiago izatea—.

Akordio baten bila, batzarra egin dute Junts Pel Si eta CUPeko ordezkariek. Aintzat hartuta Ciutadans, PSC, PP eta Catalunya Si Que Es Pot-ek 63 parlamentari dituztela, Artur Masek Junts Pel Si-ko 62 parlamentarien eta CUPeko biren babesa beharko luke, CUPeko beste zortziak abstenitzearekin batera.

Bileraren irteeran, CUPeko ordezkariek ez dute bileraren inguruko baloraziorik egin. Efe agentziak zabaldu duenez, zera proposatu die Masek: bera presidente izatea eta hiru presidenteorde izendatzea; Oriol Junqueras alor ekonomikorako, Raul Romeva nazioarteko gaietarako eta Neus Munte arlo sozialerako. CUPek gobernu "korala" proposatu zuen hauteskundeak egin eta egun batzuetara.

Goizean, Antonio Baños CUPen talde parlamentarioko buruak berriro argitu du zein izango den bere taldearen jarrera; ostegunean ez da presidenterik aukeratuko Junts Pel Si-k hautagai bera proposatzen badu.

Hirugarren bozketa bat?

Bigarren saioan ere Masek ez badu lortzen behar adina babes, hirugarren bozketa bat egin liteke. Araudiaren arabera, parlamentuak urtarrilaren 10era arteko epea luke hautagai bat proposatu eta presidente izendatzeko. Epemuga hori gaindituz gero egin beharko lituzkete berriro hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.