Mundua

Dagoeneko 12.000ra igo dute Txinako lurrikaran hildako lagunen kopurua

30.000 lagun pasa desagertuta edo hondakinen azpian daude. Richter eskalan 7,8ko indarra izan zuen atzoko lur astinaldiak, eta bart 1.800 erreplika gertatu dira.

2008ko maiatzaren 13a
15:36
Entzun
Txina hego-mendebaldean atzo arratsalde hasieran izan zen lurrikarak milaka lagunen heriotza eragin du, eta kopurua goraka doa. Atzoko datua 8.530 hildakoena zen, eta gaur 11.921era igo dute kopurua iturri ofizialek. Horretaz gain, 30.000 lagun pasa desagertuda edo hondakinen azpian daude; haietatik 18.645 Mianyang hiriko hondakinen azpian dira, hamar mila Mianzhun eta bi mila Deyang-en (920 ikasleak dira).

Richter eskalan 7,8ko indarra izan zuen lur astinaldiak. Sichuango probintzian izan zuen epizentroa eta eskualde horretan eragin zituen kalte handienak. Bart, gainera, 1.800 erreplika gertatu dira; batzuk 6ko indarrekoak.

Lurrikara 14:30 baino apur bat lehenago izan zen (goizeko 08:30 Euskal Herrian). Sichuan eskualdean epizentroa izan bazuen ere, lurrikara erraz nabaritu zen inguruko eskualdetan: Yunnanen, Chongquingeko hiri-barrutian eta Gansu eta Shaanxi eskualdetan ere. Pekin eta Shanghai hirietan hainbat eraikin ebakuatu zituzten

Txina bertako eta mundu zabaleko sismologia behatokiek jasotako datuen arabera, Wenchuango barrutian kokatu zen epizentroa, Sichuan eskualdeko hiriburu Chengdutik 146 kilometro ipar-mendebaldean. Munduko sismologia zentroek eginiko neurketaren arabera, lurrikarak 7,8ko indarra izan zuen, eta epizentroa lur azaletik oso hurbil zegoen, hots, hamar kilometro inguruko sakoneran.

Lurrikararen indarrak eta epizentroa lur azaletik hurbil izateak ondorio itzelak eragin ditu. Ehunka etxebizitza lurrera erori ziren, eta hondakinen artean jende ugari gelditu zen harrapatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.