MunDUA

Dagoeneko 260 dira Italiako lurrikaran hildako lagunak

Gaur goizean beste bi erreplika izan dira: 3,5 gradukoa eta 3,7koa. Beste 250 pertsona desagertuta daude. Herrialdearen erdialdean izan zen ezbeharra, Abruzzo eskualdean.

2009ko apirilaren 8a
14:06
Entzun
Italian astelehen goizean izandako lurrikararen ondorioz hildako lagunen kopurua etengabe goraka doa: gaur Babes Zibilak emandako datuen arabera, dagoeneko 260 dira. Izan ere, hondakinak mugitu ahala gorpu gehiago topatzen ari dira salbamendu taldeak. Beste 250 pertsona desagertuta daude. Zaurituak 1.500 pasa dira.

Gaur beste bi erreplika izan dira: 5:00etan Richter eskalan 3,5 gradukoa eta 6:27an 3,7koa. Astelehenetik 353 lur mugimendu izan dira.

Hain zuzen, herrialdearen erdialdean izan zen herenegungo ezbeharra, Abruzzo eskualdean, eta L'Aquila hiriburuan eragin zituen kalterik handienak -pizentrotik gertuen dagoen gunea izaki-, baina dozena bat herri gehiago ere txikitu zituen. Erroman bertan ere nabaritu zuten dardara, L'Aquilatik 80 kilometrora baitago.

Ameriketako Estatu Batuetako sismologia zentroak emandako datuen arabera, Ritcher eskalan 6,3 gradukoa izan zen lurrikara; Italiako Babes Zibilaren arabera, berriz, 5,8koa.

50.000 lagun inguru etxerik gabe gelditu dira. Gainera, gaua non pasa ez zutelako, baita erreplikek zutik gelditutako eraikin apurrak botako zituzten beldur zirelako, 100.000 lagun inguru ebakuatu zituzten atzo. Asko L´Aquilako aparkaleku, zelai eta kirol eremuetan hartu zuten aterpe. Gobernuak jarritako kanpadendak, izan ere, eskas gelditu ziren kaltetu guztiak haietan hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.