Dalai Lamak gaur iragarri duenez, tibetarren buruzagitza politikoa utzi egingo du, eta soilik buruzagi espirituala izango da. Tibetarren buru aurrerantzean herritarrek eurek modu librean aukeratutako liderra izango dela esan du, gainera. Proposamena astelehenean egingo dio Tibeteko Parlamentuari, Konstituzioa alda dezan.
75 urte ditu Dalai Lamak, eta Indian bizi da erbesteratuta, beste 130.000 tibetar bezala. Lehenagotik ere buruzagitza politikoa beste norbaitengan uztea proposatu izan du. "1960ko hamarkadatik tibetarrek modu librean aukeratutako buruzagi politikoa behar dutela aldarrikatu dut. Orain iritsi da hori praktikan jartzeko garaia", esan du.
Tibeten askatasunarekin duen konpromisoa berretsi du, gainera, eta boterea uzteak ez duela gogorik gabe dagoela esan nahi argitu du. "Benetako autonomia" eskatu du berriro Tibetentzat, eta azken hilabetetan herrialde arabiarretan gertatzen ari diren "borroka ez biolentoak" nabarmendu ditu demokraziaren eta askatasunaren alde.