Dalai-lama atsekabetuta agertu da asteon Txinarekin izandako bake negoziazioei buruz, eta haren bi ordezkari gobernu komunistarekin elkartuko dira gaurtik hasi eta hurrengo egunetan Pekinen. Tibeteko ordezkariek Txinarekin egiten duten hirugarren bilkura da udaberrian monje tibetarrek Pekinen aurka eginiko protestek indarkeria uholdea eragin zutenetik. Lehenengo bilkura da Olinpiar Jokoen ondoren.
Kasur Lodi Gyaltsenek eta Kelsang Gyaltsenek, dalai-lamaren eledunek, negoziazioak berpiztea izango dute helburu, Tibeteko erbesteko buruzagi erlijioso eta politikoak aste honen hasieran elkarrizketen inguruan amore eman ondoren. Hala, dalai-lamak Indian erbestean dagoen Tibeteko Gobernuak bilkura berezia egitea bideratu zuen, herrialdeko geroaz eta Tibeteko mugimenduaz oro har eztabaidatzeko. Azaroaren 17an egingo dute Macleodganjen.
Pekinek ezarritako baldintza
Tibeteko 73 urteko buruzagiak herrialdearentzat autonomia zabalagoa eskatu du azken boladan-erdibideko irtenbidea hitzartu nahian-; Pekinek, dena den, «separatista» izatea leporatu dio dalai-lamari. Estatuaren arabera, lurraldea Txinaren zati banaezina dela aitortu behar du lehenago buruzagi horrek, negoziazioak egiteko. Pekinek ez zituen, atzo, elkarrizketak baieztatu, baina bezperan Tibeteko eledunekin biltzeko asmoa agertu zuen, Xinhua agentziari jarraiki.
Dalai-lamaren eledunak Txinan dira negoziatzeko
Olinpiar Jokoen ostean lehen aldiz bilduko dira Tibeteko ordezkariak Pekingo gobernuarekin, elkarrizketak sustatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu