Siriako Gobernuak adierazi du baldintzarik gabe zibilak borroka guneetatik ateratzeko prest dagoela, baina matxinoei egotzi die hori ez uztea. Homs hirian, adibidez, mendebaldean, gobernuak dio talde armatuek giza ezkututzat erabiltzen dituztela zibilak. Damaskoren arabera, NBE Nazio Batuen Erakundeko behatzaileak saiatu dira herritarrak handik ateratzeko bitartekaritza ahalegina egiten, baina ez dute lortu, «talde armatuen trabengatik». Robert Mood behatzaileen buruak ere berretsi du astebete eman dutela Homs hiritik zibilak ateratzeko ahaleginean, eta bi aldeei eskatu die herritarrei alde egiten uzteko. Hain zuzen, Mood atzo zen ematekoa Segurtasun Kontseiluari Siriako misioaren egoeraren berri.
Damaskoren salaketarekin ere bat egin dute Eliza ortodoxoko iturriek. Homseko Butros al-Zein apaizaren arabera, matxinoek 400 kristau hartu dituzte gatibutzat, «zaharrak eta emakumeak gehienak». Al-Zeinek dioenez, armadaren erasoak saihesteko giza ezkututzat erabili dituzte. Oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, berriz, Homs probintziako Al-Rastan herriari eraso dio armadak lurretik eta helikopteroetatik bonbardatuta. Talde horren arabera, matxinoek otsailaz geroztik dute hiri hori kontrolpean.
Txosten «alderdikoiak»
NBEren Genevako egoitzan (Suitza), berriz, Faissal al-Hamwi Siriako enbaxadoreak Navi Pillay NBEren Giza Eskubideetarako Goi Mandatariari egotzi dio gatazkaren inguruko txosten «alderdikoiak eta subjektiboak» egitea, «albiste probokatzaileetan oinarritutakoak». Gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatu dio Pillayk Damaskori.
Errusiaren itsasontziek ere zeresana eman dute bertze egun batez. Erresuma Batuak adierazi du Eskoziako kostatik gertu Errusiako ontzi bat atzeman duela, Siriara helikopteroak zeramazkiena. Ontzia Errusiara bueltarazi duela dio Londresek. Moskuk, ordea, ukatu egin du Siriara ontziak bidaltzen ari denik.
Damaskok matxinoei egotzi die zibilak giza ezkututzat erabiltzea
NBEren Siriako misioaren buruak berretsi du astebetez saiatu direla zibilak Homsetik ateratzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu