Ziurgabetasuna, zalantza, adierazpen kontraerrankorrak... Siriako gatazkak betiko lepotik du burua. Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren helburu nagusia izan da azken egunotan su-eten bat lortzea biharko, musulmanen Aid al-Adha sakrifizioaren bestaren harira. Bortz egun eman ditu Sirian, eta, atzo, Kairotik jakinarazi zuen Siriako Gobernua prest dagoela su-etena errespetatzeko. Ordu batzuk geroago etorri zen, ordea, Siriako Atzerri Ministerioak emandako zehaztapena: agintariek gaur erabakiko dute menia ontzat jo edo ez. Hala ere, Brahimik NBEren Segurtasun Kontseiluari berretsi dio Damaskoren baiezkoa. Matxinoei dagokienez, berriz, zehaztapen gutxi eman ditu. «Harremanetan paratu ahal izan garen talde gehienek erran digute bat datozela su-etenaren oinarriekin». Bihar ikusiko da zein den Brahimik lortu duen emaitza, baina konfiantzarako tarte gutxi erakutsi dute atzo plazaratutako adierazpenek.
Aurrekaria ere ez da ona. Kofi Annan aitzineko mandatari bereziak iragan apirilean egin zuen bertze saiakera bat. Bakerako sei puntuko planean, lehenbizikoa zen su-etena lortzea. Pausoz-pausoko planifikazio bat egin zuen, eta lehenbiziko orduetan errespetatu bazen ere, berehalakoan zapuztu zen bi aldeek elkarri egotzi ziotelako menia ez errespetatzea.
Brahimik ez du Annanena bezalako plangintza neurtua egin—edo egin badu ez du argitara eman—; Aid al-Adha bestaren sinbolismoa su-etenerako baliatu nahi duen arren, ez du menia hasteko edo horren iraupenerako eperik zehaztu. Kairon egindako agerraldian, mandatari bereziak aldi berean baikor eta oinak lurrean dituela agertu nahi izan du. «Ekimen xume honek arrakasta badu, itxaropena dugu oinarri bilakatu dadin luzeago eta eraginkorrago izan litekeen operazio militarren etena lortzeko. Hori, era berean, prozesu politiko integratzaile baten zati bilaka liteke».
Ustekaberik ezean, baina, baikortasuna errealitatetik urruti dago. Siriako Gobernuak distantzia markatu nahi izan du Brahimiren adierazpenetatik. «Aid al-Adha besta santuan operazio militarrak gelditzeko proposamena oraindik aztertzen ari dira armadako eta indar armatuetako buruak», dio Atzerri Ministerioak ohar batean. Erabakia gaurko agindu du, bestaren bezperarako.
Matxinoek, berriz, ez dute su-etena ezartzeko asmorik agertu. FSA Siriako Armada Askeko Mustafa al-Xeikh jeneralak AFP agentziari erran dio gobernuak su-etena indarrean jartzea «ezinezkoa» dela, «hala eginenduela erraten badu ere». Iraganean «aldi anitzetan» gezurra erratea egotzi die agintariei. Al-Nusra Fronteak ere jakinarazi du ez duela meniarik ezarriko. Damaskon azken aldian izan diren hainbat eraso suizida eta atentatu hartu ditu bere gain talde horrek. Matxinoen aldeko oposizio politikoa FSAren ildo beretik mintzatu da. «Ez gara erregimenaz fio, gauza bat erraten duelako eta bertze bat egin», adierazi du Abdelbasset Syda SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko presidenteak.
Brahimik lehen adierazpena egin duenetik panorama ezkorra marraztu den arren, NBEko Segurtasun Kontseiluari berretsi dio Baxar al-Assad presidentearen baietza lortu duela su-etena ezartzeko. Bileraren aitzinetik, Vitali Txurkin Errusiako ordezkariak adierazi du Brahimiren lana «irmo» babesten dutela, «aukera bat sortu litekeelako». Li Baodong Txinako eleduna ere antzera mintzatu da. «Su-etena lortzeko %1eko aukera badago, hori lortzeko %100eko ahalegina egin beharra dago». Frantziak ere, Atzerri Ministerioko bozeramailearen bidez, sostengua agertu dio mandatari bereziari, baina su-etena indarrean paratzeko erantzukizuna Siriako Gobernuaren bizkar paratu du, eta armada kuarteletara itzul dadila exijitu du. Brahimik, berriz, Segurtasun Kontseiluari batasuna eskatu dio. «Bertze porrot batek egoera muturreraino okertu lezake, eta ondoko herrialdeetara hedatu».
Sarraski baten salaketa
Proposatutako su-etenaren egunaren atarian, gainera, giroa are gehiago gaiztotu duten gertakariak izan dira. Duma hirian, Damaskotik hamar kilometrora, sarraski baten berri eman dute, baina gobernuak eta matxinoek elkarri egotzi diote hilketak egin izana. Iturri ofizialen arabera, meskita batetik gertu Islamaren Brigada izeneko taldeko kideek 25 zibil inguru hil dituzte, horien artean hiru haur. Nazioarteko berri agentziek, ordea, Dumako oposizioko talde baten prentsa ohar bat argitaratu dute, sarraskia gobernuaren aldeko xabiha milizianoei egotziz. Iraganean ere, Siriari buruzko nazioarteko bilkurak egitekoak zirenean zenbaitetan halako sarraskiak gertatu dira —Hulakoa adibidez, maiatza bukaeran—, eta gobernuak eta matxinoek elkarri egotzi diote erantzukizuna. Damaskon, berriz, gutxienez sei lagun hil dituzte bonba auto bat leherrarazita.
Indarkeria gelditzeko, Damaskok exijitu du matxinoek atzerritik jasotzen duten sostengua etetea. Errusiako jeneral batek adierazi duenez, gainera, matxinoek AEBetan egindako Stinger misilak jaso dituzte. «Ez dakiguna da nork eman dizkien. Ikertu beharra dugu», adierazi du Nikolai Makarovek. Stinger-ak pertsona bakarrak garraiatu eta jaurti ditzake, eta 1.300 metrotik beheiti hegan egiten duten hegazkinak eta helikopteroak bota. Ospetsu egin ziren 1980ko hamarkadan, Afganistango matxinoek Sobietar Batasuneko tropak bidaltzeko arma erabakigarria izan zelako.
Damaskok su-etena onartu duela adierazi du Lakhdar Brahimik
Mandatari bereziak adierazi du Al-Assad meniarekin ados dagoela, baina Siriako Gobernuak dio erabakia gaur hartuko duelaMatxinoak eta SNC oposizioko plataforma ez dira su-etenaren alde agertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu