Damaskok «terroristatzat» jo du AEBek Sirian egindako erasoa

AEBen eta Iraken arabera, hildakoak ekintzaileak dira; Siriaren arabera, ordea, zibilak dira guztiak

2008ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Washingtongo aginte federalekogoi arduradun batek Sirian herenegun egindako eraso militarra Ameriketako Estatu Batuetako indar militar bereziek egin zutela baieztatu zuen atzo. Irakeko Gobernuaren eta izenik eman ez duen AEBetako funtzionario horren arabera, mugatik hurbil dagoen eskualde batean burututako oldar egitearen jomuga Irak aldera «ekintza terroristak egiterat» sartu ohi zen talde bateko kideak ziren. Siriak ziurtatu duenez, aldiz, airez eta lurrez eginiko erasoan hildako zortzi lagunak zibilak ziren. Halaber, AEBen erasoa «terroristatzat» jo du.

«Irakeko segurtasun indarren eta gure [AEBetako] soldaduen aurka erasoak egiterat zetozen talde terrorista bateko kideen aurkako operazioa arrakastatsua izan da», azaldu du izenik eman gabe AEBetako goi arduradunak.«Aukeraren bat suertatuz gero, aukera horietako bakoitza baliatu egin ohi dugu, batik bat Iraken erasoak egiterat sartzen diren atzerriko ekintzaileen kontra egiteko». Washingtongo aginte arduradunak adierazpen horiek egin aurretik, baina, ez Pentagonoak, ezta Etxe Zuriko eledunek ere ez zuten igandean gertatutako erasoazadierazpenik egin nahi izan.

Lekukoen arabera, Irakeko mugatik hurbil, Siria aldean dagoen Abu Kamal barrutiko etxe baten kontra airez eta lurrez eginiko oldarraldi bat gertatu zen igandean. «Lau helikoptero etorri dira eta lurreratuegin diren bietatik militar andana jaitsi da», azaldu zuten lekukoek erasoa gertatu eta gutxira.«Soldaduak etxe bat inguratu eta tiroka hasi dira», gaineratu dute lekukoek.

Lurrez egindako erasoak iraun duen denboran, baita helikopteroek alde egin bitartean ere, Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek herritarreiairetik tiro egin zietela azaldu dute gertatutakoa bertatik bertara ikusi ahal izan zutenek. Ororen buru, zortzi lagunek bizia galdu zuten herenegun, bost minutu eskas iraun zuen erasoan.

Alabaina, Irakeko mendebaldean dauden AEBetako armadako tropek oldar egitearekin ez zutela inolako zerikusirik izan ziurtatu dute. Hortaz, pentsatzekoa da Iraken bere kabuz ari diren AEBetako indar bereziek dutela eraso hori egin. Irakeko Gobernuak, nola edo hala, hori baietsi du, oldar egite horren jomuga Siria aldetik jarduten zuen ekintzaile talde bat zela argudiatuz. «Operazioa gertatu den eskualdean Irakerat erasoak egitera zetorren ekintzaile talde bat zegoen», adierazi du Bagdadeko gobernuko bozeramaile Ali al Dabbaggek. «Ekintzaileak atxilotu eta Iraken esku jar zitzan galdegin zion Bagdadek Siriari».

«Eraso terrorista izan da»

Siriak, bere aldetik, gogor salatu du gertatutakoa, «eraso terrorista» dela-eta zortzi zibilek bizi galdu zutela gaineratuz. «Gertatutakoa eraso kriminal eta terrorista bat izan dela uste dugu, eta horren erantzule jotzen dugu AEBetako Gobernua», adierazi du Siriako Atzerri ministro Ualid Mualemek. Adierazpen horiek atzo egin zituen, Londresen Erresuma Batuko Atzerri ministro David Millibandekin izandako bilera baten ostean.

Atzerri ministroak eginiko salaketa horien aurretik, Siriak Londresen duen enbaxadak zabaldutako oharrean ere gogor gaitzesten zuten erasoa: «Washingtonek frogarik izango bazuen Iraken erasoak burutzen dituzten ekintzaileak badirela, basakeriaz jokatu ordez, hobe egingo zuten gurekin harremanetan jarri baziren eta dituzten datuak gure esku jarri». Halaber, Washingtoni nazioarteko legediaren aurka jardutea ere leporatu dio: «AEBek, beste behin, agerian utzi dute zentzugabekeriaz jokatzen dutela, eta nazioarteko zuzenbidea zein oinarrizko giza eskubideak urratzen dituztela».

Damaskoko agintariez gain, erasoak kritika ugari eragin ditu Liga Arabiarraren aldetik. Hala, «Siriaren subiranotasunaren aurkako ekintza» bat izan dela salatu dute herrialde arabiarrek: «Eskualdean egonkortasuna sendotzen ez dio batere lagunduko; aitzitik, tentsio gehiago sortuko du eta Iraken zein auzoko herrialdeetan bakebideak garatu daitezen eragotziko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.