Damaskok «terroristei» egotzi die herenegungo Hamako erasoa

Bi aldeek su-etena hausten dutela salatu du Errusiak; oposizioko hainbat kidek trantsizio gobernu bat eratu dute

Erredakzioa
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Beste behin gertakarien bertsio kontrajarria eman dute Siriako Gobernuak eta oposizioak. Herenegun Hama hirian armadak eraikin batera misil bat jaurti zuela salatu zuen oposizioak. Leherketak eraikina erortzea eragin zuela diote, eta 70 lagun inguru hil zirela. Atzo gobernuak eskainitako bertsioaren arabera, berriz, «terroristak» etxe batean bonba bat egiten ari zirenean lehertu egin zitzaien, eta hamasei pertsona hil zituzten.

Bi aldeek elkarri su-etena haustea leporatzen jarraitzen duten bitartean, eta Errusiak biei eman die arrazoia. Denek su-etena hausten dutela dio Moskuk, baina indarkeriak behera egin duela nabarmendu du. Dena den, oposizioak soldaduak probokatzen dituela adierazi du, eta armada «erantzutera behartzen» dutela. Oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, aldiz, armadak erasoak egiten jarraitzen du. NBE Nazio Batuen Erakundearen behatzaileak hilaren 16an herrialdera iritsi zirenetik 462 lagun hil dituztela salatu dute.

Oposizioa batzeko asmoz

Oposizioko talde batek, berriz, trantsizio gobernu nazionala eratudu, oposizioko indarrak Baxar al-Assaden aurkako borrokan batzeko asmoz. «Siriarren gehiengo isila» ordezkatzen dutela adierazi dute, eta onarpena eta esku hartze militarra eskatu diote nazioarteari. «Nazioartearen esku hartze militarra ez da desira bat, behar bat baizik», adierazi du Nofal al-Dawalibi sortu berri den erakundeko ordezkariak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.