Damaskoko erasoa elkarri leporatu diote gobernuak eta oposizioak

Gutxienez 25 lagun hil dira atentatu suizida batean; Arabiar Ligak bitartekari lanak egiteko eskatu dio Hamasi

2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Leherketa handi batek Damaskoko erdigunea hankaz gora jarri zuen atzo. Al-Midan plazan egin zuten erasoa, eta gutxienez 26 lagun hil zituzten eta 60 lagun baino gehiago zauritu. Gobernuak erantzulea erasotzaile suizida bat izan dela dio, eta susmoa du atzean Al Qaeda edo «talde terrorista islamistak» daudela. Hildako gehienak zibilak direla baieztatu arren, atentatuaren jomuga polizien autobus bat zela diote iturri ofizialek, eta Barne ministroak «gogor» erantzungo dutela ohartarazi du. Oposizioan, ordea, susmoak bestelakoak dira, eta leherketa erregimenak prestatu duela diote, zilegitasuna lortzearren.

Oraingoz inork ez du hartu bere gain erasoa, eta zurrumurruen hotsa etengabea da, gobernuak eta oposizioak elkarri egozten baitiote leherketa. Atentatuak Baxar al-Assad presidenteari egiten dio mesede handiena. Izan ere, azken hamar hilabeteotan gatazken inguruan eman dituen azalpenak berresten ditu gertakariak: liskarren atzean muturreko talde islamistak daudela, alegia. Gobernuaren aurkako erasoa izan dela frogatuko balitz, jende askok presidentearen alde egingo luke. Izan ere, gobernua desegiten badute herrialdean kaosa gailendu daitekeela pentsatzen dute herritar askok, eta Iraken antzeko ezegonkortasun egoera zabal daitekeela.

Erasoa gertatu eta minutu gutxira, hain zuzen, Al-Assaden aldeko oihuak entzun zitezkeen Damasko erdigunean. Milaka lagun bildu baitira gobernuari babesa emateko, Siriako banderak astinduz eta presidentearen argazkiekin. Askok duela bi aste Arabiar Ligako behatzaileak Siriara iritsi berritan hiriburuan egin zituzten bi atentatuak ekarri dituzte gogora. 44 lagun hil zituzten, eta gobernuak orduan ere Al Qaedari leporatu zion erasoekin erregimena «ezegonkortu» nahia. Hezbollah Libanoko talde xiitak, bestalde, «AEBen gaizkiaren indarrei egotzi die atzoko erasoa».

Al-Midan inguruko bizilagun zenbaitzuk, baina, zalantzan jarri dute bertsioofiziala, leherketa gertatu baino lehen Poliziaren presentzia ohi baino handiagoa zela kontatu baitute eta hainbat kale itxita zeudela. Bada gertakaria jazo aurretik anbulantziak ikusi dituela salatu duenik ere.

Oposizioaren arabera, ez dauka zentzurik erregimenaren aurkariei leporatzea erasoa. Batetik, ostiralez erasorik egingo ez luketela diote, horixe baita protesta handienak egiten dituzten eguna, eta halako atentatu batek herritarren eskariak isiltzea eragiten duela argudiatu dute. Horrez gain, azaldu dute atentatua egitekotan Al-Assaden aldeko manifestazio jendetsu bat edo gobernuko goi karguak bizi diren auzo bat aukeratuko luketela.

Sinesgarritasun falta

Azken hilabeteetako gatazketan bi aldeak saiatu dira iruzur egiten, eta sinesgarritasuna galdu dute. Gobernuak, esaterako, abenduaren 23ko atentatuetan hil zituzten militarren izenak berriz aipatu zituen Daraako eta Homseko segadetan ustez hil zituzten soldaduen artean. Horrek argi utzi du erregimena hildako soldaduen zerrendak puzten ari dela.

Oposizioak ere gauza bera egiten du, erregimenaren jazarpena salatzeko behin baino gehiagotan erabili baititu irudi trukatuak. Sarritan hildakoen kopurua puzten dutela ere salatu dute herrialdean ezkutuan lanean ari diren kazetari bakanek.

Horrez gain, Al-Assaden erregimena desegiteko helburu bera badute ere, oposizioa geroz eta zatituago dago. Erregimenaren erresistentzia ikusita, gainera, bere onetik aterata daude zenbait. Are gehiago Arabiar Ligaren misioa herrialdera iritsi denetik. Izan ere, haren presentziak erregimenaren indarkeria etengo zuelakoan zegoen oposizioa. Nazioarteko behatzaileek baina ez dute esperotako bakea eraman Siriara.

Armadako desertoreek osatu duten Siriako Armada Askeak, hain zuzen, nazioarteko begiraleak Sirian ziren bitartean atentaturik ez zuela egingo jakinarazi zuen haiek iristean. Bi aste geroago, ordea, ikusirik egoerak ez duela onera egin, «ekintza garrantzitsuak» prestatu dituztela jakinarazi dute, eta herenegun, Al-Assadek «indarkeria» ez den beste hizkuntzarik ez duela ulertzen adierazi zuen erakundeko buru Rial al-Assad koronelak. Atzo, baina, Damaskoko atentatuarekin zerikusirik ez dutela jakinarazi zuten berehala. «Leherketa gobernuaren kontua izan da, aurreko biak bezalaxe», adierazi du koronelak.

Hutsak egina onartu dute

Bestalde, Arabiar Ligako behatzaileek herrialdean jarraituko dutela jakinarazi du erakundeak, erregimenak bake akordioa betetzen duen edo ez egiaztatzeko. Erakunde arabiarraren misioa gatazka iturri izan da abenduaren 28an behatzaile taldearen buru Mustafa al-Dabik Homsen «ezer ikaragarririk» ez zutela ikusi esan zuenez geroztik. Gerora Al-Dabirekin bat egiten ez duten ahotsak ere entzun dira, dena den, erakundearen barruan.

Igandean dira, hain zuzen, misioaren lehen balorazioa egitekoak. Qatarreko lehenministroak, baina, jada aitortu du «hutsak» egin dituztela. Nabil el-Araby Arabiar Ligako idazkari nagusiak ere behatzaileek uste zuten baino misio zailagoa topatu dutela azaldu du. Akordioa betetzeko oraindik lan handia dago egiteko, El-Arabyren hitzetan. Izan ere, armada hirietatik ateratzea eta preso politiko guztiak aske uztea biltzen du Arabiar Ligak eta Damaskok sinatu duten itunak.

Bitartean Hamasi laguntza eskatu dio El-Arabyk, eta Al-Assaden erregimenarekin bitartekari lanak egiteko eskatu dio Jaled Meshal Palestinako organizazio politiko islamistako buruari. Hamas eta Iran izan dira Damaskoren aliatu nagusiak protestak hasi zirenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.