Damaskon liskar gogorrak lehertu dira behatzaileak iristearekin batera

NBEren eta Konferentzia Islamikoaren ordezkaritzaren helburua su-etena lortu eta egoera humanitarioa ebaluatzea izango daHerritarrei laguntza emateko «premiazko neurriak» eskatu ditu Gurutze Gorriak

2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Baxar al-Assad Siriako presidentearen jarraitzaileek garaipena ospatu zuten iragan ostegunean, protesten urteurrenean. «Irabazi dugu!» gogoz oihukatu zuten orduan, baina gatazkak konpontzeko itxurarik ez du, oraindik. Su gurutzatuak, hain justu, Damaskoko Al-Mezze auzoko kideen loa galarazi du hainbat orduz, armadaren eta oposizioko ekintzaileen arteko liskarrak gogortu egin baitira. Gatazkak okerrera egin duen unean iritsi da, hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Konferentzia Islamikoaren ordezkaritza bat Siriara. Su-eten bat negoziatzeko eta egoera humanitarioa ebaluatzeko asmoz joan dira.

Al-Mezzen izan dira borrokak, gobernuko segurtasunaren hainbat eraikin dauden auzoan. Iaz protestak hasi zirenetik, Al-Assaden aurkako protesten agertoki izan da maiz auzoa, eta azken hilabetean soldaduen presentzia ezohikoa izan da, manifestarien hilketengatik protesta jendetsu bat egin zutenetik. Liskarren garrantzia nabarmendu du Giza Eskubideen Siriako Behatokiko bozeramaile Rami Abdel Rahmandek, Londresko egoitzatik: «Iraultza hasi zenetik Damaskon jazo diren liskarrik gogorrenak dira, eta segurtasun eraikinetatik gertuen gertatu direnak». Borroken biktimen inguruan, berriz, ez dago adostasunik. Barne Ministerioaren arabera, bi «terrorista» eta soldadu bat hil dira liskarretan. Malek Kurdik Sirirako Armada Askeko bigarrenak, ordea, gobernuaren indarren artean «dozenaka biktima» eragin dituztela kontatu du. «Gauerdian hasi ziren borrokak, eta tiro hotsak gau osoan entzun ahal izan dira, egunsentira arte. Gutxienez, hamabost leherketa entzun ahal izan dira. Oso gau txarra igaro dugu, eta ez dut uste auzoan inork lorik egin duenik», azaldu du auzokide batek. Beste batek, berriz, Poliziak kaleak itxi dituela azaldu du, eta kaleetako argiak itzali dituztela.

Xabiha erregimeneko paramilitarrak —izugarrikeriak egiteagatik ezagunak dira— auzoko hainbat etxetan sartu direla kontatu du Siriako Armada Askeak, eta bertakoak kanporatu eta lapurretak egin dituztela. Hori izan da erasotzeko arrazoia, azaldu dutenez. Segurtasuneko eraikin bati eta kontrol gune bati eraso diote. Herrialde osoan, gutxienez, 30 lagun hil ziren atzo.

Annanen hurrengo bilera

Egoera humanitarioa aztertzeaz gain eta su-etena negoziatzeaz gain, nazioarteko behatzaileen beste helburuetako bat Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren ordezkari bereziaren hurrengo bisita prestatzea izango da. Martxoaren 10ean eta 11n izan zen Annan Sirian, eta, Al-Assadekin bildu ondoren, esan zuen NBEren Segurtasun Kontseiluan gobernuaren aldetik «erantzun etsigarriak» jaso zituela. Dena den, herrialdera itzultzeko asmoa du, negoziatzen jarraitzeko.

Siriako agintariak ari dira behatzaileen misioa gidatzen. Egunotan, Homs, Hama, Tartus, Latakia, Halab, Daraa eta Rif bisitatuko dituzte, herritarren beharrak zeintzuk diren zehazteko.

Bestalde, ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen presidente Jacob Kellenberger Moskun izan zen atzo, gobernuarekin Siriako egoeraz hitz egiteko. Egunero bi orduko su-etena indarrean jartzeko, Damaskori presio egiteko eskatu dio ICRCk Moskuri, eta Sergei Larov Errusiako Atzerri ministroak baiezkoa eman duela jakinarazi du Kellenbergerrek.

Egoera humanitarioak okerrera egingo duela ohartarazi du ICRCk, eta «premiazko neurriak» hartu behar direla esan du. Moskuk Damaskorekin duen harreman onagatik jo du Kellenbergerrek Errusiara. Izan ere, Moskuk Al-Assadi babesa erakutsi dio hainbatetan, baina, era berean, laguntza humanitarioa helarazteko, nazioartearen proposamenak bultzatu ditu.

Armada, Deir ez-Zorren

Herrialdearen mendebaldean, Deir ez-Zor hirian armadaren tankeak sartu direla adierazi dute bizilagunek. Hainbat auzo Siriako Armada Askearen eskuetan daude hiri horretan, eta gobernuak horiek berreskuratu nahi dituela kontatu dute lekukoek.

Liskarrak direla-eta geroz eta jende gehiagok erabaki du etxea atzean utzi eta herrialdetik ihes egitea. Gehienek Turkiarako bidea hartu dute, eta Ankarak jakinarazi du 16.000 lagunek baino gehiagok zeharkatu dutela muga iaz protestak hasi zituztenetik. «Egoera humanitarioa geroz eta larriagoa da. Azken asteetan siriar gehiago iritsi da azken lauzpabost hilabeteetan baino», ohartarazi du Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak. Izan ere, azken egunetan eguneko 1.000 lagun baino gehiago iritsi dira Turkiara borroketatik ihesi. «Gure anai-arreba siriarrei laguntzeko neurri guztiak hartzeko prest gaude», gaineratu du.NBEren arabera, gatazkak 200.000 desplazatu ere eragin ditu.

EB Europako Batasunak, bestalde, asteburuan Damaskon eta Halaben izandako atentatuak gaitzetsi ditu. Asteburuko atentatuetan gutxienez 29 lagun hil dituzte, eta 130 lagunetik gora zauritu. «Siriarrak babesteko eta indarkeria geldiarazteko premia agerian jartzen dute gertakari horiek», esan du Catherine Ashton EBko diplomaziaburuak. Gobernuak «terroristei» egotzi dizkie erasoak, baina, oposizioaren arabera, erregimenak egin ditu atentatuak, bere burua zuritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.