Damaskoren ustez, NBEko giza eskubideen arduraduna erabili dute Siriaren etsaiek

Siriako Gobernuaren arabera, Navi Pillayk ez dio haien informazioari jaramon egin, eta ez ditu kontuan hartu «ekintza terroristak»Damaskoren baimena badu, NBEren «bake misioan» parte hartzeko prest dago Errusia

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuak gogor erantzun die Navi Pillay NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen goi mandatariak egindako akusazioei. Bertzeak bertze, gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi zion Pillayk herenegun Damaskori. Siriako Atzerri Ministerioak ohar baten bidez adierazi du gobernuak «eskuragarri duen informazio guztia» helarazi diola Pillayri, baina hark «ez ikusia egin die gertakariei». Horregatik, «Siria jopuntuan duten zenbait naziok» bera erabili izana egotzi dio giza eskubideetarako goi mandatariari. Errusiak, berriz, adierazi du NBEk eta Arabiar Ligak proposatutako «bake misioan» parte hartzeko prest legokeela, betiere Damaskok tropak onartuz gero. «Siria da siriarrak babesteko arduradun bakarra», erantzun du, ordea, Siriako Atzerri Ministerioak.

Damaskoren arabera, gobernuari jaramonik ez egiteaz gain, Pillayk ez ditu kontuan hartu talde armatuek egindako «ekintza terroristak». «Aukera hori egin du, jakin arren bere informazio iturriak Siriaren aurka lanean aritzeagatik direla ezagunak». Pillayk adierazi zuen iazko martxotik aurtengo urtarrilera bitarte 5.400 lagun hil zituztela Siriako Estatuko indarrek. Zifra horiek, ordea, «faltsuak» direla dio Atzerri Ministerioak. Haren ustez, giza eskubideetarako goi mandatariaren lana izan beharko litzateke «Siriak pairatzen duen terrorismoa salatzea, elkarrizketarako deia egitea, eta erreformei sostengua agertzea».

Errusiari eta Txinari begira

Arabiar Ligak kasko urdinekin batera tropak bidaltzeko proposamen bat aurkeztu zuen iragan igandean NBEn. Erabaki horrek beharrezkoa du Segurtasun Kontseiluaren oniritzia, baina betorako ahalmena dutenetako batek, Errusiak, errana du Damaskoren baimena ezinbertzekoa dela. «NBEren estatutuak betetzea beharrezkoa da. Damaskorekin akordioa balego, gure tropek parte hartuko lukete», jakinarazi du Mikhail Bogdanov-ek, Atzerri ministrordeak. Baxar al-AssadSiriako presidenteari, berriz,hauteskundeak aurreratzeko«aholkatu» dio Bogdanovek—2014rako iragarrita daude—.

Duela ia bi aste Errusiak Txinarekin batera erabili zuen betoa, Siriako erregimenaren gaitzespena saihesteko. Txinako lehen ministro Wen Jiabaok erran du, baina, Pekinen asmoa ez dela Siriako Gobernua babestea. EB Europako Batasunarekin egindako goibilera batean egin ditu adierazpen horiek. Tropak bidaltzeko proposamenari buruz ez da mintzatu Wen. «Siriako alde guztiekin» komunikazioa indartzearen alde agertu da.

Pillay NBEko giza eskubideen goi mandatariaren bulegoko bozeramaileak, ordea, Pekin eta Mosku kritikatu ditu. Haiengatik Segurtasun Kontseiluak ez zuen bete «siriarrak babesteko betebeharra», Rupert Colvillen arabera.

Oposizioa armatzeari ezezkoa

AEBek adierazi dute «armek issildu» egin behar dutela Sirian trantsizio demokratikoa gauzatu dadin. Horregatik, Victoria Nuland Estatu Departamentuko bozeramaileak erran du irtenbidea ez dela «Siriara armak bidaltzea», hots, Washingtonek ez dituela oposizioko taldeak armatuko. Hain zuzen, erregimenak bertzeak bertze AEBei leporatu die Siriako Armada Librea militar desertoreen taldeari laguntza ematea.

Sirian bertan, oposizioko taldeek ia egunero ematen dute hildakoen berri. Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, atzo herrialde osoan gutxienez 40 lagun hil zituzten estatuko indarrek, horietako gehienak Idliben (ipar-ekialdean) eta Homsen (erdialdean). Azken hori armadak hamargarren egunez jarraian bonbardatu duela diote Herri Koordinaziorako Batzordeek. Zifrak egiaztatzea, ordea, ia ezinezkoa da, nazioarteko hedabideen eta iturri independenteen presentzia hagitz eskasa baita Sirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.