"Alderdi sozialdemokratari beste aukera bat ematea erabaki dut, eta hark proposatu duen pertsona izendatu dut, Dancila anderea", jakinarazi du Klaus Iohannis presidenteak prentsaurreko batean, parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin bilera bat egin ondoren. Horrela, Viorica Dancila gobernuburu den lehen emakumezkoa izango da Errumanian.
PSD 2016ko abenduan itzuli zen boterera, eta ordutik izendatzen duten hirugarren lehen ministroa da. Sorin Grindeanuk hartu zuen kargua lehenik, baina iazko ekainean utzi zuen. Tudosek astelehenean utzi ondoren, Iohannisek behin-behinean Mihai Fifor Defentsa ministroari eman zion kargua. Dimisio guztien arrazoia izan da gobernuburuek Dragnearekin izan dituzten desadostasunak. Dragnea Diputatuen Ganberako presidentea da, eta 2016an bi urteko espetxe zigorra jaso zuen hauteskunde iruzurragatik, baina zigorra etenda dauka.