Mahomaren karikaturak

Danimarka eta Norvegiaren enbaxadei su eman diete Sirian

Europako hainbat egunkaritan Mahomaren karikaturak argitaratu direlako suminduta, ehunka lagun Danimarkaren enbaxadara sartu dira Damaskon, eta altzariak eta trasteak apurtzeaz gain su eman diote. Suediaren eta Txileren enbaxadak ere eraikin berean daude, eta ondorioz, haiek ere kaltetu dituzte. Lekukoen arabera, ia erabat txikituta geratu da eraikina. Ondoren, Norvegiarako enbaxadara joan dira eta hari ere su eman diote. Gutxienez bost lagun zauritu dira, eta ehun bat atxilotu egin dituzte.

2006ko otsailaren 4a
18:28
Entzun
Lekukoek Espainako Efe albiste agentziari agertu diotenez, ehunka lagun batu dira Danimarkako, Suediako eta Txileko enbaxada dagoen eraikinaren atarian, karikaturen argitaratzearen kontra protestatzeko. Une batean, manifestari talde handi bat —ehun baino gehiago— eraikin barrura sartu da, eta gauzak apurtzen hasi da. Ondoren, Danimarkako bulegoei su eman diote. Lekuko horien arabera, eraikina ia erabat suntsituta geratu da.

Ondoren, Norvegiako enbaxadara joan dira —Danimarkako enbaxadatik hamar bat kilometroa dago—, eta han harrika ekin diote aurrena, eta, ondoren, barrura sartu eta su eman diote.

Islama erlijio nagusi den herrialdeetan protesta olde handiak ari dira izaten egunotan karikatura horien harira, Mendebaldeak egindako iraintzat hartu baitituzte.

Joan den irailaren 10ean Danimarkako Jyllands-Posten egunkariak argitaratu zituen karikatura horiek eta urtarrilaren 10ean Norvegiako Magazinet -ek. Harrezkero, eta karikaturek hainbat herrialde, erakunde eta talde islamiarren haserrea eta mehatxuak eragin dituztela ikusita, Europako beste zenbait egunkarik ere plazaratu dituzte aipatutako bi egunkariekin "elkartasunez".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.