Danimarkako Legebiltzarrak mugetan aduanak berrezartzeko plana onartu du. Lars Looke Rasmussen lehen ministroaren gobernu kontserbadoreak diseinatu du ekimena, eta Alemania eta Suediarekiko mugetan «krimenaren aurkako» kontrol zorrotzak ezartzea du helburu. Oposizioak legearen aurkako mozioa aurkeztu du, baina DF Alderdi Popularra eta kristau-demokraten babesari esker, aduanak berehala indartuko ditu Barne Ministerioak. Erabakiak mesfidantza sortu du EB Europako Batasunean,Schengengo Itunaren printzipio nagusia —pertsonen zirkulazio librea— bortxatzeko aukerari zabaltzen dizkiolako Danimarkako ateak.
Egitasmoa onartu eta berehala, Legebiltzarreko Finantza Batzordeakerabakia berretsi du. Azkartasun honek ezustean harrapatu ditu politikariak, legea irailean berresteko asmoa zuelako batzarrak, udako oporraldia igaro ostean.
Ezusteko erabaki honen ondorioz, Barne Ministerioak adierazi du berehala hasiko dela lanean. Gobernuaren datuen arabera, 36 milioi euroko inbertsioa egingo du proiektuan, eta lehenbailehen hasiko da mugak indartzen. 2014rako ehun poliziek Alemaniako mugak, Suediara joateko zubia eta Roedby eta Helsingoer udalerrietako kontrol postuak hartuko dituztela jakinarazi du.
Erabaki polemikoa
Gobernuak egitasmoa apirilean aurkeztean, kontra egin zioten oposizioko ezkerreko alderdiek, Bruselak eta EBko kide askok. Sozialistek azaroko hauteskundeetan DF eskuin muturreko alderdiari botoak kentzeko estrategia dela leporatu zioten. Bruselak, aldiz, Schengengo Ituna hausteko saiakera egitea egotzi zion.
Ituna 1985ean sortu zen, Liechesteingo Schengen hirian. Hari esker,eremuko kide ziren herrialdeen barne aduanak desagertu, eta pertsonen zirkulazio askea eta kanpo mugetarako erabaki bateratuak bermatu ziren. Danimarka 1996an sartu zen eremuan, eta geroztik bertako kide da.
Apirilean ituna hausteko beldurraren aurrean, Kopenhage lasaitasuna transmititzen saiatu zen, eta ziurtatu zuen ekimenaren helburu bakarra «merkantziak kontrolatzea» zela, ez pertsonen joan etorri askea etetea.
Bi hilabete igarota, Schengen eremuak ez ditu baldintza berak bermatzen, eta egoera baliatu du gobernuak. Afrika iparraldeko erreboltak direla-eta, etorkin askok Europara jo dute, eta horren aurka egiteko, Schengen Ituna moldatu dute. Frantzia eta Italiaren ekimenez jaiotako dokumentu berriak ituna bertan behera uztea baimentzen die estatu kideei, ez ohiko egoera batean daudenean: mugak kontrolatu ezinean edo immigrazio masibo baten aurrean.
Danimarkakoerabakiaren zilegitasuna zalantzan jarri du EBk. Harago joan da Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwelle, eta Schengengo arauak ez errespetatu izana egotzi dio.
Danimarkak aduanak jarriko ditu mugetan, Schengengo Itunaren oinarriak urratuta
Legebiltzarrak onartu du erabakia; 2014an ehun poliziak kontrol zorrotzak egin ahalko dituzte aduanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu